Juan Falu gitarrista Zumaian

2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Juan Falu gitarra jotzaile argentinarrak kontzertua emango du bihar, 19:00etan, Zumaiako Oxford aretoan.

Gitarrista, konposatzailea eta irakaslea da, Tucumanen jaiotakoa. Argentinar musikaren erreferentea da, dudarik gabe. Prestakuntzan autodidakta izan da musikaria, eta jorratzen duen musika estiloak Argentinako musika tradizionalaren sustraiak ditu. Hala, hango musika folklorikoa jotzen duten artista askok haren abestiak interpretatzen dituzte. Oso ongi ezagutzen du Argentinako musika, baina modu sortzaile eta inprobisatu batean jotzen du, «denbora errealeko konpositore» gisa definitua izateraino. Zuzeneko kontzertuetan musikarako sentitzen duen pasioa transmititzen dio ikusleari.

Argentinak 2000ko Musika Nazionaleko Saria eman zion, eta 2001ean eta 2007an, Argentinako musika folkloreko artista onenaren Clarin saria jaso zuen.

Nazioartean ospea du musikariak, eta hamaika sari irabazteaz gain, Guitarras del Mundo izeneko jaialdia zuzentzen du aspalditik. «Irabazitako sari garrantzitsuenek ez dute abesti bat konposatu eta ikuslea emozionatzeak duen balioaren erdia ere», dio Faluk. «Hori da benetako saria, ez txalorik, ez saririk. Ibilbide luzea egin ondoren, hori da dudan satisfaziorik handiena; gainontzekoak ezer gutxi axola dit».

JUAN FALU

Noiz. Bihar, 19:00etan.

Non. Oxford aretoan, Zumaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.