Marijaiaren lagunak. Roberto Barcala

«Kaleak garbitu edo festa egin, baina biak batera ez»

Roberto Barcala bilbotarrak 23 urte daramatza Aste Nagusian hiriko kaleak garbitzen. Bertatik bertara ezagutu ditu gautxoriak eta festaren garapena.

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Marijaiak baino urte gehiago daramatzat nik Bilboko Aste Nagusiak garbitzen», dio Roberto Barcala kale garbitzaileak. 23 urtean aritu da festetan ezinbestekoa den lana egiten, jaietako lan zikina hain zuzen ere. Askotan itzalpean geratzen den beharra dela dio Barcalak; izan ere, kalea garbi dagoenean inor gutxi oroitzen da garbitzaileez: «Dena zikina dagoenean bakarrik oroitzen da gurekin jendea».

Goizean goizetik hasten dira lanean Bilboko kale garbitzaileak. 05:30ean kontzertu handien gunera inguratzen hasten dira. Handik aurrera hasten dira komeriak. Goizaldeko seiak inguruan iristen dira kale garbitzaileak txosnetara, dena ixten hasten diren garaian. «Eta, noski, garai horretan denok dakigu jendea zein egoeratan egoten den...», dio irribarrez. Garbitzaile oldea sartzen da txosna eremura, eta, une horretatik aurrera, adar jotzea eguneroko kontua izaten da. Filosofiarekin eta lasaitasunez hartzen ditu Barcalak txantxa horiek, «laneko beste atal bat baita».

Urteekin batera, hobetuz

Urte hauetan guztietan Aste Nagusiaren garapena kaleak garbitzeko ikuspuntutik sumatu du Barcalak. «23 urte hauetan, gure tresneria asko hobetu da, eta langileok ere badakigu nola egin behar dugun lan. Aurrerapauso handiak eman ditugu zentzu horretan», dio garbitzaileak. Baina, barne antolakuntzaz gain, aurrerapauso gehiago eman direla ere uste du. Konpartsen jarduna, adibidez, azken urteetan asko hobetu dela uste du: «Orain txosnak ezarritako orduan hasten dira ixten, eta hori guretzako gauza handia da». Jende ugari dabilen guneetan garbitzera sartzea korapilatsua izaten baita, baina txosnetan edariak zerbitzatzeari uzten dioten momentutik aurrera, dena errazagoa izaten da garbitzaileentzat. Horregatik, txosnak orduan ixtea garrantzitsua da eurentzat. «Harreman oso ona daukagu haiekin», gaineratzen du Barcalak. Izan ere, hamaiketakoa ere askotan ematen baitiete kale garbitzaileei.

Urteekin batera euren lan egiteko baldintzak hobeak badira ere, gero eta lehenago erretiratzen da Barcala etxera. «Kaleak garbitu, edo festa egin. Baina biak batera ez», dio. Horregatik, su festak ikusi bezain pronto doa etxera, «donostiarren antzera, izozkia jan eta etxera joaten naiz. Ez gainerako bilbotarrek egiten duten bezala», dio irri artean. «Edozein modutan, gazteagoa nintzenean parrandatik zuzenean lanera etorrita nago. Baina urteek ez dute barkatzen, eta orain bata edo bestea aukeratu behar da». Eta berak lana aukeratzea beste erremediorik ez dauka, Aste Nagusian jai hartzerik ez baitaukate kale garbitzaileek.

Aste Nagusia hasi baino astebete lehenago hasten da Barcala beharrezko material guztia biltzen, eta, Marijaia joan ondoren erabilitako guztia gordetzeko,beste hainbeste. «Hori dela eta, lan asko izaten dugu hamabost egunetan. Jai egunik ez dugu hartuko, baina ongi konpentsatuta dago gure lana», borobiltzen du. Jairik ez izateak bere alde onak dituen seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.