Trenak, murruak, autobusak, dendak, etxeak... Kaleko edozein txoko euren margoekin jantzi, eta museo erraldoi bilakatzeko gai dira grafitigileak. 1960ko hamarkadaz geroztik, aerosola eta margoak erabilita, hiriko bazterrei bizitasuna ematen dabiltza han eta hemen. Idazletzat dute euren burua, haien sinadura nonahi irakur daitekeelako, eta artistatzat jotzen dituzte askok, koloreetako margoekin artelan ikusgarriak egiteko kapazak direlako. Urteetan jazarria izan eta gero, edozein arte adierazpenek «merezi duen kategoria» eman nahi izan dio grafitiari Gasteizko Vital Kutxa Fundazioak, erakusketa berezi batekin. Hartarako, aretoaren hormak euren artelanekin janzteko aukera eman die hamazazpi grafitigileri. Emaitzarekin pozarren daude antolatzaile eta parte- hartzaileak: «Jendeak goi mailako artetzat jo daitekeen mundu ezezagun bat gertutik ezagutzeko aukera izango du orain». Halaxe mintzatu da Fernando Martinez De Viñaspre, Inside. Hiriko Artea izeneko erakusketako komisarioa.
Hamar egunetan burututako lanaren emaitza bildu dute areto zabalean. Erronka ez dela erraza izan aitortu du Martinez de Viñasprek, kalean egiten den lana areto barrura eramaten saiatu direlako. Hala, grafitigileei aretoaren horma zurien gainean margotzeko parada eman diete, kaleko edozein pareta jantziko balute bezala. Gisa horretan lan egiten «aske» sentitu direla adierazi du Belin grafitigileak, orain arte ez erakundeetatik, ez arte aretoetatik, ez dietelako sekula halako aukerarik eman. Bizitako esperientziarekin pozik daudela aitortu du: «Jendeari erakutsi ahal diogu kanpoan egiten dugun lana».
Hip hopari lotuta
Gehienek horma gainean irudikatu dute beren artea, baina badira oihaletan egindako margoak eta eskulturak ere. Vital Kutxa Fundazioko aretoaren hormak kolorez beteta egongo dira martxoaren 6ra arte. Ostean, berriz ere margotuko dituzte pareta guztiak zuriz. Karrikan legez, desagertzeko sortuak baitira grafitiak. Tarte horretan, Belin, Nadaserio, DBR, Sebas, Sune, Igloo, Verso, Kanpone, Bayer eta horrelako ezizen bitxien atzean ezkutatzen diren hamazazpi artistek, nork bere estiloan, kaleak atari zabaleko museo bilakatzeko gai direla erakutsiko diote publikoari.
Grafitigileen lanak erakutsi ez ezik, arte adierazpen horren hastapenetatik gaur arteko ibilbideari ere errepasoa egin nahi dio erakusketak. Ordu eta erdiko bideo batek laburbildu du grafitiaren historia. 1960eko hamarkadan, New Yorkeko hiri taldeak euren protesta eta pentsaera zabaltzeko adierazpen modura grafitiak egiten hasi ziren, eta laster hasi ziren agintariak haien aurka borrokatzen, grafitigileen aurkako zigor gogorrak ezarriz. Ondoren, 1970eko hamarkadan, hip hop musikaren sorrerarekin, hiri kulturaren gorakada etorri zen, baita Europara ere, eta grafitiak bazter guztietan zabaldu ziren.
Euskal Herrira ere iritsi zen joera berria: Gasteiz izan zen aurrena grafitiaren munduan murgiltzen. Arabako hiriburua Euskal Herriko grafitiaren sehaska dela esan daiteke, tradizioz, bertan margotu delako gehien. Boni-M grafitigileak ospe handia izan zuen 1990eko hamarkadan, Duda X izengoitiarekin hiriburuko hormak bete zituenean.
Urteetan mugimendu jazarria izan da grafitiarena, baina, egun, gizartearen eta erakundeen aldetik nolabaiteko onarpena lortu du. Herri bakoitzeko agintariek jarrera ezberdina hartu dute grafitiarekin, batzuetan margotzen dabilena zigortuz, eta besteetan, berriz, haien lanak diruz lagunduz. «Kontraesan» hori agerian utzi nahi du erakusketak ere, Martinez de Viñasprek dioenez. Izan ere, garai batean isunekin zigortu zituztenak kontratatzen dituzte orain agintariek, hiriko eraikin zaharrak edo kaleko horma zikinak apaintzeko.
Hori guztia eta askoz gehiago eskaini nahi du erakusketak. Horrela, kaleko lanekin batera, hip hop, rap eta brake dance emanaldiak eskainiko dituzte aretoan, eta haurrentzat grafitiak egiten ikasteko tailerrak egingo dituzte.
Ezarian. Grafitiak
Kaleko artea, barrura
Gasteizko Vital Kutxa Fundazioak grafitiaren eta hip hop kulturaren bilakaerari buruzko erakusketa zabaldu du. Hamazazpi artistaren lanak ikusi ahal izango dira martxora arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu