Larunbatean, urdina izango da Ondarroako (Bizkaia) kolore nagusia. Mahonez edo arrantzalez jantzita aterako dira kalera herritarrak, Zapato Azule eguna ospatzera. 15. urtez ospatuko dute ondarroarrek jaia, hasiera batean herriko alde zaharra indartzeko asmoarekin sortua.
Aurreko urteetan bezala, aurten ere Euskal Herriko kamiseta azoka antolatu dute Zapato Azule Egunerako. Latxanbe enparantzan izango da, eta Euskal Herriko txoko guztietako diseinuak ekarriko dituzte. Guztira, 25 taldek hartuko dute parte, eta partaideak eurak izango dira epaimahaiko kideak ere.
Kirol apur bat egin nahi duenak Dina Martxan parte hartzeko aukera izango du. Bizikletaz joango dira, Tolosatik Ondarroaraino, Karibeko uretan desagertu zen Dina Bilbao txirrindulariaren omenez. Gauean, berriz, ibilbide bera egiteko aukera egongo da, baina oinez, mendiz mendi.
Bestalde, alde zaharrean jaiengunea egongo da. Jan eta edateko postuak jarriko dituzte, eta giro ona ez da faltako: txistulariak, bertsolariak, euskal dantzak, kontzertuak... Eta, antolatzaileek jakinarazi dutenez, ezustekoren bat ere egongo da.
Esne Beltzaren abestia opari
Jaia Bolo-Bolo herri aldizkariak sortu zuen, 1998an, baina azken zazpi urteetan Radixu Irratiak antolatu du. Aurten, 15. urteurrena ospatzeko, Esne Beltzak abesti bat oparitu dio irratiari, Zapato Azule izenekoa. Ondarroako euskaraz idatzirik dago; doan entzun daiteke www.radixu.info gunean.
Gerizpean
Kalera, urdinez jantzita
Zapato Azule izango da larunbatean Ondarroan; kamiseta azoka eta bizikleta martxa dira ekitaldi nagusiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu