EITBko 18-20 langile inguruko talde batek Bostpuntu izeneko kanpaina jarri du martxan, «kalitatezko EITB independente» baten alde. Eskaeren zerrenda Euskal Autonomia Erkidegoko aukera politiko guztietako ordezkariei eta EITBko administrazio kontseiluko kideei helarazi diete. Halaber, atzotik herritarren atxikimendua jasotzeko aukera zabaldu dute http://bostpuntu.com webgunean. Igandean, Twitterren kontu bat ere jarri zuten martxan: @bostpuntu. Horren bitartez atzo aurreneko kritikei erantzun zieten.
Idatziaren hasieran eta bost puntuei heldu aurretik, honako eskaera hau egiten dute kanpainaren sustatzaileek: «Euskadiko Autonomia Erkidegoko hurrengo hauteskundeen ostean agintzen duenak agindu, premia handiarekin heldu beharko dio EITBren bideraketari».
EITBk euskal herritarren zerbitzuko erakunde publikoa izan behar duela dio lehen puntuak: «Euskaraz eta gaztelaniaz kalitatezko programazioa eskainiko duena, ikusleekiko begiramenduna eta plurala, interes publikoari bideratutako edukiekin, produkzio propioaren bidez, gainerako kate publiko eta pribatuekiko zeregin orekatzailea izango duena».
EITB sortzeko legea onartu zenetik 30 urte bete berri dira, eta EITBk euskara sustatu behar zuela jasotzen zen testu hartan. Ildo horretatik, bigarren puntuak honako hau dio: «EITBk bete egin behar du sortzetik duen euskara bultzatu eta normaltzeko helburu estrategikoa. Ondorioz, hedadudari eta eraginari dagokionean, hizkuntzak duen lurraldetasunaren bezainbestekoa izan beharko du gutxienez».
Zeregin informatiboari heltzen dio hirugarren puntuak: «Neutraltasunik gabe, inpartzialitatea behar du EITBk. Enbarazu egin arren, botereek errespetatuko dutena behar du izan. Hezi, informatu eta entretenitzeko zeregin hirukoitzerako beharrezkoa duen independentziak, lege berri baten bidez sakoneko aldaketa ekarri behar die zuzendaritza organuak aukeratzeko dauden moduei». Garai berriei egokitutako lege berri baten beharra eskatu izan dute unibertsitateko hainbat irakaslek azkeneko urteetan.
EITBk gaurko euskal kulturaren funtsezko osagaien errespetuan «eredugarria» izan beharko lukeela dio idatziaren laugarren puntuak: «Eredugarria Euskal Herriko lurralde guztien arteko harremanen sustapenean, eta sarri interesatuak eta artifizialak diren hesiak gainditzeko ahaleginean».
Azken puntuak, berriz, honako hau dio: «EITBk kalitatezko erreferentzia profesionala izaten saiatu behar du ikus-entzunezkoen munduan. Baditu horretarako behar diren esperientzia eta baliabideak, nola teknikoak, hala pertsonenak ere. Gidatuko dutenek ere asmatu beharko dute maila berekoak izaten». Amaitzeko, kanpainaren sustatzaileek publikoaren zerbitzuko EITB eskatzen dute, «euskarari lehentasuna emanez, independentea, kalitatezkoa eta euskal kultura bultzatuko duena».
Kritika batzuk Interneten
Idatzia sarean zabaldu eta berehala, kontrako kritika batzuk jaso ditu. Luistxo Fernandezi ez zaio iruditu agiria EITB euskaldun baten aldarria denik: «2012. urte honetan, gaztelaniazko komunikazio publikoari diru laguntza ematearen alde, nik ez dut sinatuko». Iker Gurrutxagak honako iritzi hau plazaratu du: «Bada, lehenengo puntuan frantsesa ez badute gehitu behar, ni ez naiz sekula ere ados egongo. Edo euskara hutsean, edo Euskal Herrian egiten diren hiru hizkuntzetan». Urtzi Odriozola informatikariak, berriz, honako hau idatzi du Twitterren: «Euskal telebista baten aldekoa bada, ausardia falta zaio ekimenari. Lehengora itzuliko gara bestela».
Komunikazioa
Kalitatezko EITB independente baten aldeko kanpaina bat langileen eskutik
'http://bostpuntu.com' gunean atxikimenduak jasotzen hasi dira, eta EAEko alderdiei bidali diete idatzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu