1936ko gerra piztu zenean, Euzkadi etsaiengandik defendatu beharra zegoen; Mola jeneralak uste baitzuen lehenago edo geroago Bilboko hiria bere esanetara jarriko zuela. Eusko Gobernuko Lehendakari Jose Antonio Agirreren aburuz, haatik, arerioari aurre egiterik bazegoen oraindik, hots, bazegoen gudarien bihotza altxatzeko nahikoa motibo. Arerioari sarbideak oztopatu beharra zegoen, kosta ahala kosta. Bilboko hiriak menderaezina behar zuen izan. Bilboko portua, Sondikako aerodromoa eta Zolloko urtegia erasoetatik at jartzeko ahaleginak egin behar ziren. Baina nola? 1914-18ko gerran erabilitako estrategiak abiarazi zituzten modurik eraginkorrena izan zitekeelakoan. Gotorlekuz eta babeslekuz osaturiko lerro estrategikoak eraiki behar zirela uste zuen Alberto Montaud koronelak. Proiektuaren ardura Alejandro Goikoetxea ingeniariari egokitu zitzaion, eta defentsarako estrategiak definitu zituen hark. Gerora Bilboko Burdin Hesia izenez ezaguna izango zena, alegia. Defentsarako lerro nagusi bat marraztu zuen Bilbo inguruko orografian barrena, eta lubaki lerrokada horri azpi-lerro ugari eta bide sare korapilatsu bat gaineratu zizkion.
Burdin Hesiko lanak
Denbora galtzerik ez zegoenez, zoko-moko guztietatik etorritako milaka langile hasi ziren Burdin Hesia aitzurtzen. 1936ko urria zen, eta Bilbotik hurbilenak ziren bazterrak aukeratu zituzten trazadura zuzeneko lubakiak eta 70 cm-ko lodierako hormigoi indartuz egindako metrailadore habiak eraikitzeko. Ondoren, inguruko tontorretan hasi ziren lanean. Tamalez, Goikoetxea Francoren aldera aldatu zen 1937an, eta Burdin Hesiaren sekretua jakinarazi zuen. Dena dela, betiere Goikoetxearen jokabideari pisua arindu gabe, Burdin Hesiaren estrategiaren porrota beste datu batzuek ere azaltzen dute, historiagileek gogora ekarri izan dutenez; izan ere, defentsarako sistema horrek lehenago fruituak eman bazituen ere, 1936ko gerra garaian erabat zaharkitua zegoen.
Gudariek Euskal Herriaren alde eginiko lan eskerga jakinarazte aldera, hamaika ekitaldi egiten ari dira gaur egun Euskal Herrian. Bilboko Burdin Hesiari dagokionez, goraipatzekoak dira Ugaon (Bizkaia) eta Laudion (Araba) egitekoak diren lanak. Jarraian, Laudiokoa dakargu. Udalaren ekimenez, Basabideak ibilbide sorta interesgarria diseinatu da haraneko ondare naturalaren zein historikoaren berri emateko asmoz.
Tipi-tapa, lubakietan barna
Laudioko (Araba) plazan gaudela, Sodupera eta Okondora doan errepideari jarraituko diogu. Ugarte auzoan, erne, Santa Luziarako eta Ermuko Andre Mariaren tenplurako bideari ekingo diogu eta. Kale estuari jarraikiz, sigi-sagaka hasiko gara, etenik gabe, Isusi auzora iritsi arte. Autoa lagako dugu bertan, trabarik egiten ez duen zoko batean. Oinez jada, Ermuko Andre Mariaren tenplurantz egingo dugu. Laster batean, ordea, San Antonio baseliza ikustean, eskuinetik abiatzen den bide zabalari ekingo diogu. Ganekogortarako bidea da. Ibilian hasi eta berehala, behialako elur zulo bat ikusiko dugu, Laudioko udalerrian egokitu zituztenetako bat. Basabide nagusiari men eginez, lepo xume batera iritsiko gara. Bideak banandu egiten dira bertan. Aurrez aurre, Pagoeta —Conejo haitzulo sonatua gordetzen duena—, Gallarraga eta Ganekogorta mendiek osatzen duten lerro galanta. Ganekogortara bidea bazter eginda, behera egiten duenari jarraituko diogu. Ezkerreko pista hartuko dugu segidan, gora doanari muzin eginez. Berehala, Mareazuloko sakanera begira jarriko gara. Okondoibarreko herrigunea urrutian ikusiko dugu, Ugalde errekaren altzoan.
Pinuditik irtengo gara bat-batean, eta gurbitzak eta arteak jaun eta jabe direla ohartuko gara. Leku horretan, bidebanatze bat dago. Behera egin gabe, eskuineko pistatik jarraituko dugu. Bizpahiru minutu geroago, basabideak banantzen direnean, basabidetik irtengo gara. Burdin Hesiko Basabidea seinalatzen duen zutoin txiki bat eskuinean ikusiko dugu. Maldan gora hasiko gara orduan, pinudian gora sigi-sagaka. Galbiderik gabe, lehen metrailadore habiara iritsiko gara. Hormigoiz eginiko babeslekua da, sotoa edo bolborategi txiki bat duena. Lubaki luzea bertan amaitzen dela dirudi. Lubakiaren ondotik jarraituko dugu, eta, lubakiak banantzean —eskuinekoaren bukaeran bigarren metrailadore habia dago—, ezkerraldera egiten duenari segituko diogu. Pista batekin topo egingo dugu berehala. Basabidea gurutzatu, eta, eskailera batzuek lagunduta, lubakiaren ondoan jarraituko dugu. Lubakiak bananduko dira berriz ere: ezkerretik zein eskuinetik jarrai dezakegu, bide biak balia baititzakegu goraxeago doan pista nagusira irteteko. Santa Luziatik Ganekogortara doan basabide nagusian gaude. Eskuinetik jarraituko dugu Santa Luziarantz; zehar-zehar, hirugarren metrailadore habiara iritsi arte.
Mugarriluze eta Goikogana
Habia aurretik igaro bezain agudo, gora eta eskuinera egiteko gonbitea egingo digu zutoin txiki batek. Laugarren metrailadore habia aurrez aurre dugu. Aurrerago, basabide zabal bat dago. Bidearen erosotasuna bazter eginda, gora eta gora egingo dugu aspaldiko lubakiei jarraituta. Gainaldera iristeko gutxi falta delarik, pista batek lagunduko digu gorago joaten, harik eta belarrez jantzitako pista batera atera arte. Hego-ekialdera egingo dugu orduan, gain-gainean daramagun lerroari begia kendu gabe.
Kamaraka tontor gaineko erpin geodesikoa bistaratuko dugu laster. Tontorraren parean, Santa Luziara bueltatzeko aukera emango digu gezitxo batek. Guk, ordea, lerroari atxikita jarraituko dugu, lubakiak eta babeslekuak lagun. Kamarakako magala atzean utzita, lerroari jaramon eginez, Mugarriluzeko eta Goikoganako tontor piramidalak zapalduko ditugu. Goikoganako tontor azpian, lubakia zeharkatu, eta, esfortzu txikia eginez, tontorrean izango gara.
Magaletik hegoaldera egingo dugu gero, Laudio aldera begira jaitsiz. Noranzkoa aldatu gabe, lerro gaineko pinudian barrena jarraituko dugu. Lau bideko elkarguneraino jarraituko dugu. Laudio eta Kurtzegan-Alpitxu aukerak bazter eginda, eskuinera jo eta Isusi auzo aldera urratsak egingo ditugu. Ibilbidean zehar gaztainondo ugari ikusiko ditugu, hots, XVIII. mendera arte eskualdeko familia askorengan garrantzia izan zuten zuhaitz ederrak.
Ezarian. Euskal Herriko txokoak (II)
Kamarakako burdin hesia
1936ko urritik aurrera, buru-belarri aritu zen Eusko Jaurlaritza defentsarako sistema estrategikoa eraikitzen. Bilboko hiriak menderaezina behar zuen izan, kosta ahala kosta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu