Donostiako Aste Nagusia

Kanoikadak hasiera eman dio Donostiako Aste Nagusiari

Alderdi Eder jendez bete da, eguzkipean, kanoikada ikusteko. La Flamenka gunean, Donostiako Piratek ere bota dute txupinazoa. Abuztuaren 19ra arte iraungo dute jaiek.

Luis Mokoroa, kanoikada botatzen. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS
2017ko abuztuaren 12a
13:31
Entzun

Beste urte batez, Luis Mokoroa Gastronomikako artillari nagusiak bota du Donostiako Aste Nagusiari hasiera emateko kanoikada, 19:00etan, Alderdi Ederren. 25. urtea izan du zeregin horretan. Kanoikadaren ondoren, pozik agertu da, baina baita apur bat penatuta ere: "Pena izan da 25 urteak ez egitea kanoi berarekin". Izan ere, Donostiako kanoia Eibarko batek ordezkatu du aurten.

Kanoikadaren aurretik, ohi bezala, Artillero abestu dute, baita dantza egin ere. Aurten, Easo abesbatzako eskolania eta Kresala kultur elkartea gonbidatu dituzte kantura. Eskolaniak 25 urte bete ditu; Kresalak, berriz, 50.

Ordu erdi geroago, 19:30ean, La Flamenka gunean hasi da jaia Donostiako Piratentzat. Kofradia guztiak elkartu, eta harrera egin diete Ezkila kapitainari eta Mattiri. Haiek bota dute jai hasierako txupinazoa. Matti pertsonaiaren rola Sara Majarenas eta Izar haren alabari eman diete aurten, eta Majarenasen ahizpa Haizeak ordezkatu ditu kaian.

Aurten, hamabost urte dira Donostiako Piraten mugimendua sortu zela, eta urtero legez, ekitaldi mordoa antolatu dute datozen egunetarako.

Jaia, auzo guztietara

Udalaren helburuetako bat Aste Nagusia hiriko auzoetara zabaltzea da. Hiri erdiguneaz gain, hiru auzo ere gune nagusi izango dira: Amara, Aitzol parkea erdigunetzat hartuta; Antigua, Alfonso XIII.aren plazan; eta Gros, Katalunia plazan.

Aurtengo Aste Nagusirako 460 ekintza prestatu dituzte. Horietatik, 311 udalak antolatu ditu, eta gainontzeko 149ak hiriko eragile desberdinek antolatu dituzte. Ekintza horiek, besteak beste, Donostiako Hamabostaldiak, Donostiako hipodromoak, Aquariumak, kultur etxeek, antzokiek eta liburutegiek osatu dituzte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.