Kantauriko labar artea Europako zaharrena dela frogatu dute

'Science' aldizkariak azalean agertu du EHUko Marcos Garcia doktoreak parte hartutako ikerketa bat

El Castillo haitzuloko esku negatibo gorriak, 37.300 urtekoak azken datazioaren arabera. PEDRO SAURA.
xabier martin
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Europan aurkitutako labar artearen lagin zaharrena Frantziako Chauvet haitzuloan zegoela uste zuten adituek (Chauveteko zaldiak, 32.000 urte). Orain dela gutxi, Abri Castaneteko sabaiak (37.000 urte, Frantzian hori ere) hartu zuen ohore hori. Eta orain, berriz, nazioarteko hainbat unibertsitatek zein erakundek egindako ikerketa batek beste leku bat markatu dute: Kantauri isurialdeko haitzuloak, Asturiastik Euskal Herrira doan lerro osoa.

EuropakoPaleolitoko labar arte antzinakoenaren laginak dituzte Kantabriako eta Asturiasko (Espainia) 11 haitzulok, besteak beste, El Castillok, Altamirak eta Tito Bustillok; uranio/torio desintegrazio teknika berritzaileak hala frogatu du. Kantabriako El Castillon 40.800 urte baino gehiago dituen irudi bat datatu dute (disko gorri bat); uste baino 10.000 urte inguru gehiago ditu. 37.300 urteko antzinatasuna jarri diote, gainera, haitzulo horretako esku negatibo gorri bati; eta Altamirako kobazuloan, berriz, klabiforme gorri batek (triangelu handia) 35.600 urte dituela kalkulatu dute. Guztira 50 artelan datatu dituzte.

EHUko Historiaurrea eta Arkeologia Saileko kide Marcos Garcia da Science aldizkariak bere azalera ekarri duen ikerketaren egileetako bat; ikertzaileak utzi dituzten erakundeen artean daude, Bristol, Bartzelona, Sheffield, Alcala de Henares eta Kantabriako unibertsitateak, Giza Eboluzioaren Espainiako Ikerketa Zentro Nazionala (Burgos) eta Altamirako Museoa ere.

Uranio/torio desintegrazio teknika berritzailea erabili dute, karbono-14 proba baztertuta. Irudi gorriak datatzeko ez du balio; izan ere, materia koloratzaile ez-organikoa delako, burdin oxidoa. Karbono-14 beltzarekin erabili izan da asko, ikatza baita, gai organikoa. Hala, arlo paleoklimatikoan baliatzen den teknika labar artera ekarri dute adituek. Oso lagin kantitate txikiekin oso datazehatzak lortu dituzte. Oinarrizko lehengaia pinturaren azpian eta gainean metaturiko kaltzita izan da, eta ez pintura bera. Modu horretan, ez zaie kalterik egiten pinturei, ez baita beharrezkoa irudiaren materia koloratzailetik ezer erauztea.

Neanderthalak, bai ala ez?

Bristolgo Unibertsitateko Alistair Pikek zuzendu duen ikerketa horrek ondorio garrantzitsuak ditu labar artearen alorrean eta horrek gizateriaren historian duen kokapenean. Altamirako irudi batek 35.600 urte edukitzeak esan nahi du uste baino 15.000 urte lehenago hasi zela labar artea Altamiran, eta gizakiak hainbatetan izan direla han sabaiak eta paretak margotzen azken 30.000 urteetan. Beste ikuspegi bati bide ematen dio, beraz.

Baina Altamiraren (leku zehatz baten) garrantzitik harago, Homo sapiens eta Homo neanderthalensis-aren gaitasun sinbolikoaren eztabaida biziari ere eragiten dio. Labar artearen sorrera gizaki modernoari egozten zaio; Homo sapiens-arekin dago loturik zuzenean. Baina ikerketa honen ondorioek zabalik uzten dute beste aukera bat: Neanderthalgo gizakiaizatea irudi batzuen egilea.

Hipotesi hori erabat baztertzen dute espezie horri margotzeko gaitasuna ukatzen diotenek, besteak beste, Juan Luis Arsuaga Atapuercako aztarnategiko zuzendariak. Kontua da Homo sapiens-aren eta Homo neanderthalensis-aren arteko muga kronologikoak asko estutzen ari direla. Gizaki modernoaren arrastorik zaharrenak 41.500 urtekoak dira Kantauriko isurialdean. Science-n argia ikusi duen lanaren egileek diote Europara iritsi ziren lehenengo Homo sapiens-ek bazutela ordurako sinbolismoarekin jokatzeko ahalmena. Datazioen ondorio bat da hori, baina Neanderthalgo gizakiaren esku hartzearen aukera ere ez dute baztertu.

Ikerketagai izan diren Kantabria eta Asturiasko haitzuloak munduko ondare izendaturik ditu Unescok, eta izendapen hori lortutako multzoan dira, halaber,Santimamiñe (Kortezubi, Bizkaia), Altxerri (Aia, Gipuzkoa) eta Ekain (Deba, Gipuzkoa). Horiek ere Kantauriko isurialdeko haitzuloak dira, baina labar artea berriagoa dute, Madeleine aldikoa (15.000-13.000).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.