Maratila. Ane Muñoz

Kartzela bat hondartzan

2010eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Antigua auzoan bazkaldu ondoren, Ondarretako hondartzara joan ginen paseatzera. Hotz ikaragarria zen, baina zerua urdin zegoen eta izugarria zen badia garbi-garbia, hutsik eta hain eder eta bare ikustea. Batzuk siestan egongo ziren, oraindik postrean, tertulian edo telebista parean. Gu, berriz, kalean, Urgulletik hasita Kontxa osoa pasa eta Igeldoko funikularreraino begi bistan genuen panoramika paregabe harekin zoratuta. Ze momentua.

Pentsatu garai batean —ez hain aspaldi— berton kartzela zegoela… pentsamendua ahotik irten zitzaidan eta isiltasun magiko hura zeharo apurtu zuen. «Bai zera, kartzela hemen?».

Sarritan entzun diot amari gerra garaian zenbat errugabe sartu zituzten Francoren aginduz, gure aitona zena tartean. Eta nola amona eta ahizpak, gazte-gazte zirelarik, arropa eta janaria ematera joaten zitzaizkien astero. Ez dut sekula jakin, ordea, hondartzako zein puntutan zegoen infernuko kartzela hura.

Etxerakoan, jakina, Internetera jo nuen. Oi, Internet oro-jakituna! Baina ez al zen errazagoa amari deitzea, edo oraindik gu guztiok baino tenteago dabilen amonari berari zuzenean galdegitea? Ni bai tuntuna.

Gerora jakin dut mareak behera egiten duenean eraikin madarikatu haren arrastoak agerian uzten omen dituela. Ene, zenbat nahigabe, min eta injustizia, desagertutako kartzela hartan bizitakoa. Aitona bertan imajinatzean zuri-beltzean ikusten dut. Zuria, beltza, eta grisa. Badakit, ordea, amonaren begietan haren jantziak odola bezain gorriak, udazkena bezain marroi eta berdeak eta zerua eta itsasoa be-zain urdinak izango zirela. Errealak, benetakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.