Javier Sada. Historialaria

«Kasinoa Donostiako ikurra izan zen»

Iruñea
2012ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Javier Sada historialariak eta kronikariak (Donostia, 1942) oso ongi ezagutzen du Donostiako historia. Ez alferrik urteak daramatza hiriko kronikak eta gertakizun esanguratsuenak kontatzen. Historia de los casinos de San Sebastian. Siglos XIX y XX liburuaren egilea da (Donostiako kasinoen historia. XIX eta XX. mendeak). Kasinoetatik lortutako diruak Donostiaren aldaketan eragin handia izan zuela kontatzen du argitalpenean.

Zergatik eraiki ziren kasinoak Donostian?

1863. urtera arte Donostia gotorleku bat zen, eta egungo Parte Zaharrera mugatzen zen. Garrantzi militarra galduta, urte horretan, harresiak eraitsi zirenean, Donostia handitzen hasi zen, eta eremu berriak eraikitzen hasi ziren. Espainiako errege familia 1976. urtera arte udak pasatzera etortzen zen Donostiara, eta, horregatik, turismorako erakargarriak ziren hainbat azpiegitura eraiki ziren, tartean kasinoak. Horretaz gain, Donostiak Miarritzekin lehiatu behar zuen. Han bazuten kasinoa, eta, gutxienez, hark eskaintzen zuen gauza bera eskaini behar zen.

Beraz, lehiaketa kontu bat izan zen?

Lehen kasinoa egun Londres hotela dagoen tokian eraiki zuten, Kursaal kasinoa deitua. Kasino txikia zen, eta ezin zen Europako kasino handiekin lehiatu. Horregatik egin zen Alderdi Ederren Kasino Handia. 1887. urtean ireki zuen izen bera zuen Donostiako erakunde pribatu batek, eta berak kudeatu zuen 1947. urtera arte. Eraikina udalarena zen, eta 60 urtetarako utzi zioten.

Noiz hartu zuen indarra?

XX. mendearen hasieran, eta, batez ere, I. Mundu Gerratik aurrera. Artean, gerratik ihesi, Donostiara etorri ziren Europako dirudun handiak, aristokrazia eta politikoak. Garai hartako mugatik gertuen zegoen hiria da Donostia, eta hemen babestu ziren. Diru asko ekarri zuten, eta kasinoa famatzen hasi zen eta milioiak mugitzen.

Zein fortunaz ari zara?

Izenen zerrenda oso luzea da: kondeak, dukeak, erregeak, printzeak eta enpresari dirudunak. Mata Hari espioia, urre erosleak eta azpilan politikoa egiten zutenak. Hiriarentzat garrantzitsua dirua izan arren, kasinoko aretoek denetarako balio zuten, eta bazuen garrantzi politikoa eta soziala. Donostian eraiki zituzten azpiegitura asko kasinoak emandako diruari esker eraiki zituzten: Pasealeku Berria, Kontxako pasealekua, behartsuenei arreta emateko etxea.

Garai bateko sinbolo dela esan daiteke?

Bai. XX. mendearen hasieran Europako kulturaren, ekonomiaren, hirigintzaren, arkitekturaren abangoardian zegoen Donostia, eta bizi-kalitatea beste edozein hiritan baino hobea zen.

Baina elite batentzat sortutako azpiegiturak ziren.

Bai. Donostiarren ondoan elitea bizi zen, baina ez zegoen beste toki batzuetako behe maila. Oinarrizko lehengaien gabezia bazen, ogia eta ikatza, baina beste toki batzuetan baino hobeto bizi ziren donostiarrak. Erdiko bidea topatuz, penintsula osoan Donostia abangoardian zegoen. Donostiako kasinoak izan ziren lehenak, eta turismoa hemen asmatu zen zerbait da.

Donostiako motor ekonomikoa izan zela esan daiteke?

XIX. mendearen azken hamarkadan, baina, batez ere, XX. mendeko lehenengo bi hamarkadetan hiriko motorra ez ezik, hondartzarekin batera, Donostiako ikurra ere izan zen. Kasinoak jendea eta dirua erakartzen zituen.

Baina Primo de Riverak dena zapuztu zuen.

Espainian jokoa debekatua zegoen, baina onartu egiten zen. Primo de Rivera boterera iritsita, 1923an, jokoa debekatu egin zuen. Donostia kasinotik bizi zen, eta salbuespen bat eginen zela uste zen, baina ez zen horrela izan. Kasino Handia itxi egin zen 1923an, eta Europako Kasinoa (egungo Kursaala), urte bat geroago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.