«Kataluniako runbak askoz soinu hobea du katalanez abesten denean»

La Troba Kung Fu taldearen sortzaileak kontzertu sorta emango du gaurtik igandera arte zazpikotearekin. Lehena gaur, Maulen.

Edu Lartzanguren.
2010eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Joan Garriga (La Garriga, Bartzelona, 1972) mestizajearen aitzindaria izan zen Dusminguet taldearekin. Bost urtetik hona, La Troba Kung Fu taldearekin ari da. Bira hasiko dute gaur Euskal Herrian. Gaur, 22:00etan, Mauleko Zinka ostatuan. Bihar, 22:00etan, Berriobeitiko Movie aretoan (Nafarroa). Ostiralean, ordu berean, Gasteizko gaztetxean. Larunbatean, 15:00etan, Baionako Elkar Megadendan, eta 22:00etan, Ordizian (Gipuzkoa). Igandean, azkena, 18:00etan, Saran (Lapurdi).

Dusminguet taldearekin bide oparoa hasi zenuten, gero Ojos de Brujo, Macaco eta beste hainbat kume eman dituena.

Dusmingueten azken garaian haiekin ibiltzen ginen. Oso musikari ezberdinok agertokiak partekatzen genituen; oso polita izan zen. Baina, gero, denok profesional bihurtzeak partekatze hori galarazi zuen.

Zer da La Troba Kung Fu?

Gure asmoak argi uzteko aukeratu genuen izena: trobadore taldea gara, Okzitaniako zein Latinoamerikako zentzuan. Kung Fu esamoldeak Txinako mandarin hizkuntzan «trebezia bat lortu ahaleginaren eta saiatzearen bitartez» esan nahi du. Musika gerra arteak bezala ulertzen ditut.

Musika estiloak nahasten dituzue, baina oinarria Kataluniako runba da. Zergatik?

Ijitoekin jo eta runbaren hizkuntza ikasi nahi nuen. Hori izan zen La Troba Kung Fu sortzeko arrazoietako bat. Beti erakarri nau ijitoek tresna berarekin hainbat estilo eta kulturatan sartzeko ahalmena, euren soinua galdu gabe. Hori nahi nuen egin taldearekin, neure erara, geure erara.

Peret, Estopa... Kataluniako runbaren kontu hori ez al da kataluniarren mendekua Espainiako kitsch-aren aurka?

Kataluniako runba ijitoen runba da, jatorrian. Espainiatik asko du, Kataluniako ijitoek asko abestu dutelako gaztelaniaz. Andaluziako doinua imitatu izan dute, hori zelako salgarria lehertu zenean, hau da, Pereten garaian. Haatik, bitxiena zera da: oso katalana dela Kataluniako ijitoek beste modu batean egiten dutelako. Oso katalana da kanpokoaren imitazio merke tipiko horietako bat delako, Kubakoa eta Karibeko dantzarako musika imitatzen dugun bezala. Katalanez abesten denean, gainera, askoz soinu hobea du. Eta hori niri asko kostatu zitzaidala katalanez abesten hastea.

Zergatik?

Dusminguetekin hasi nintzenean, katalanez genuen hurbilena rock katalana zen, eta ez genuen batere gogoko. Gu euskal rock erradikaletik gentozen, The Clash edo Velvet Undergroundetik. Gainera, Mexikoko iparraldeko musika maite genuen, eta Kolonbiako vallenatoa. Runba katalanez abestu nuenean, orduan bai sentitu nintzela eroso lehen aldiz.

Soinu txikia jotzen duzu. Erraztu egiten al dizu horrek Euskal Herriko entzuleekin bat egitea?

Beldur apur bat ematen dit, egia esan, Euskal Herrian jotzea, entzuleen artean trikitilariak daudelako. Oso tresna interesgarria da, norberak bere erara jotzen duelako. Horregatik gustuko dugu soinu jotzaileok elkarrekin biltzea, besteek nola egiten duten ikusteko. Era basati samarrean jotzen dut. Nire trikimailuak ditut, eta ez dakitenak harritu egiten dira, baina dakitenak ez ditut engainatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.