Estepako bisonteak (Bison priscus) harro ibiltzen ziren Kantauri itsasoaren kostaldean duela 18.000 urte. Ez da berria; Altamirak gordetzen duen labar artearen santutegian margoturik ikus daitezke, baita Pirinio inguruko beste hainbat haitzuloetan ere, esaterako Altxerrin (Aia). Haatik, bisonte batek ekarri zuen aurreko astean Kiputz (Mutriku) prentsaren lehen orrietara. Pedro Castañosek eta Xabier Murelagak, Aranzadi zientzia elkarteko paleontologoek eman zuten aurkikuntzaren berri: orain dela 18.000 urte Mutrikuko leize horretara erori zen bisontea (leize bat da), eta haren eskeletoa zatikatu egin zen. 2006an topatu zuten Munibe taldeko kideek, eta urteetako lanaren ondorioz, garezurra pieza bakar batean aurkeztu dute. Europako mendebaldean ez dago parekorik. Adarretik adarrera metro bat dauka garezurrak; paleontologoentzat altxorra.
«Euskal Herrian badira beste aztarnategietan bisonteen arrastoak, baina Kiputzekoa berezia da», dio Xabier Murelagak (Lekeitio, 1970); «burezur hori oso-osorik kontserbatu da urteen joan-etorrian, eta leizetik hala ateratzea lortu dugu, osorik». Hainbeste urtetako hezurrak oso ahulak dira, eta bisontearen kaskezurra leizetik osorik ateratzeko lan konplexua egin behar izan dute. «Indusketa poliki-poliki egin behar da, hezurraren ingurua markatzen, eremua gero eta gehiago mugatuz. Gero, osorik ateratzeko zulo sakon bat egiten da, lur eta guzti eramateko. Eskaiolaz laguntzen dugu pieza, puska ez dadin, eta laborategian momiaren gainean lan konplexua egiten da berriro, itsasgarri baten bidez hezurrak sendotuz». Tratamendu hori guztia izan du bisontearen garezurrak jendaurrean aurkeztu ahal izateko. «Lurraren barruan tenperatura, presio eta hezetasun jakin batzuetan zegoen, eta baldintza horiek aldatu egin dira, horregatik egin behar da prozesu hori guztia». Estepako bisonteak Europan eta Asiako iparraldean bizi ziren duela milaka urte; orain dela 10.000 urte galdu zen espeziea, azken glaziazioarekin. Neanderthalgo gizakiek eta Homo sapiens-ek ehizatzen zuten; Mutrikun aurkitutako bisontea, ordea, erorita hil zen.
Hobi komun bat
Baina Kiputz IX haitzuloak ez ditu bakarrik bisonteen arrastoak gordetzen. Kiputz tranpa bat zen animalientzat, zulo estu eta sakon bat, zeinaren barruan animalia ugari hil ziren. Bisonteen 18 pieza daude, elur oreinen 23 aztarna eta oreinen beste 48 aurkitu dituzte. Hartzenak, ahuntzenak, basurdeenak, azerienak eta lehoikume batenak ere topatu dituzte. Kiputz naturaren tranpa zen, ez gizakiak jarritako segada. Horregatik da hain baliotsua paleontologoentzat, hara eroritako animaliak historiaurreko garai bateko aberediaren laginak direlako, ukitu bako piezak.
«Hobi komun bat da; animalia ugariren arrastoak daude, mota askotakoak. Sei datazio lortu ditugu, 30.000 urtetik 12.000ra. Leizeak tranparen lanak egin zituen tartea 19.000tik 12.000ra doa», azaldu du Murelaga irakasleak. Kiputz Cro-Magnongo gizakiek (Homo sapiens) jarritako tranpa bat izan balitz, edo tranpa horretara eroritako piezak eskura izan balituzte, arrastoak ez leudeke dauden moduan, «apurtu barik». Horrek egiten du bereziki interesgarri Kiputz. «Eskeletoak osorik ditugu hemen; ukiturik baleude, euren haitzuloetara eramango zituzten hankak edo beste edozein atal, baina ez da horrela».
Dena den, Gipuzkoan, Paleolito garaiko aztarnak dituzten haitzuloen erdiak baino gehiago (%54) Debabarrenean daude, Deba, Mutriku eta Mendaroko udalerrien barruan. Praileaitz, Iruroin, Ermitia, Kiputz, Langatxo, Latsurregi, Urtiaga, Aizkoltxo, Aldatxarren, Imanolen Arrobia… eta ezin ahaztu Ekain. Pentsatzekoa da garaiko Cro-Magnongo gizakiek ezagutuko zutela leize hura. Zergatik ez ote zuten erabili haragiz hornitzeko?
«Aurkitu ditugu silex puskak Kiputz inguruan, modu argian gizakienak, baina aztarnategia ukitu gabe dago. Zulo hartatik ezer ateratzea ezinezkoa izango zuten, beharbada. Deigarria da aztarna gehienak bi metro eta erditik lau metro arteko altueran azaldu direla. Hortik gora tranpak ez zuen balioko animaliak pilatzeko, lurrak gora egin eta zuloa ez zen sakona izango. Han eroriz gero, ia edozein animalia ateratzeko gai izango zen. Kiputz sakonagoa zen garaian ere, hainbat animalia gai ziren tranpatik ateratzeko, kasurako haragijaleak; bakarrik lehoi kume bat azaldu da; kumea zelako ez zen atera handik, ezin izan zuen».
Orain bisontea izan da, baina aurrerago Kiputz berriro azalduko da hedabideetan. Lau kanpainatan 12.000 arrasto aurkitu dituzte, gizakienak bat bera ere ez; indusketak bukatu dira jada. Han egindako aurkikuntzak prozesatzen ari dira orain, lantzen, datu zientifiko guztiak edukitzeko. Emaitzak azaleratzean, berriro Kiputzen txanda helduko da.
«Gehienbat aztarnategi arkeologikoak aztertzen dira, eta haien bidez garai bateko natura eta aberedia nola izango ziren jakiteko atetxo bat zabaltzen dugu; baina informazioa ez da osoa, gizakiak baldintzatzen duelako», dio Murelagak. «Garai hartako gizakiak euren haitzuloetara eramandako animaliak ditugu, kasurako, baina interesatzen ez zitzaizkienak non daude?».
Kiputzek beste ikuspuntu bat ematen du: «Ez dago hautaketarik, ez gizakiarena, ez haragijale batena. Biologoek mendian jartzen dituzten tranpen modukoa da Kiputz. Inguruan bizi zen faunaren adierazlea da han aurkitutakoa. Inguru horretan zein animalia bizi ziren jakiteko aukera emateaz gain, biometrikak egiteko bidea ere zabaltzen digu, jakiteko espezie jakinen populazioaren bariazio morfometrikoa».
Hala, fosil ikusgarriez harago, Kiputzen balioa informazio emari handia da. Iturri horrek oraindik «ezusteak» emango ditu.
Ezarian. Zientzia
Kiputz IX, bisonteak baino gehiago
Kiputz IX Mutrikuko aztarnategian azaldutako estepako bisonte baten garezur osoa ezagutzera eman zuten aurreko astean. Duela 18.000 urteko fosil baliotsu hori ez da Kiputzen aurkitu duten altxor bakarra, Xabier Murelaga paleontologoak azaldu duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu