Klik panpinak, istorioak ezagutarazteko

Berreginen museoak 'Troia' izeneko erakusketa zabaldu du, Iliadako lau pasarte klik panpinekin azalduz

Lander Muñagorri Garmendia.
2011ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Homeroren Iliada liburuan oinarrituta, Troiako gudaren lau eszena irudikatu dituzte Playmobil jostailuko klik panpinekin Bilboko Berreginen museoan. Erakusketan, Parisen epaiketa, Helenaren bahiketa, Hektor eta Akilesen arteko borroka eta Troiaren deuseztapena eszenak irudikatu dituzte. Urrian zabaldutako Greziar simetria. Belleza al desnudo erakusketarekin batera egongo da. «Greziar eskultura horiek haurrei azaltzeko garaian gehigarri bat topatu dugu, eta Iliadako pasarteak kontatzerakoan, klikekin entretenituago egongo dira», Itziar Martija museokohezkuntza saileko arduradunaren hitzetan. Izan ere, urrian zabaldu zuten erakusketan agertzen den Parisen epaiketa lanean dago erakusketa berriaren oinarria.

Erakusketa antolatzeko, Luis Fernandez bildumazalearen laguntza ezinbestekoa izan da, harenak baitira lau eszenetako 10.000 irudiak.Erakusketa jartzeko garaian, Playmobilen bildumakoak ez diren beste hainbat irudiz ere baliatu da bilbotarra.

Erakusketa horretaz gain, ordea, Berreginen museoak marrazki lehiaketa jarri du martxan. Hamar urtetik beherako haurrentzat da, eta bi erakusketetako irudiekin egindako marrazkiak egin beharko dituzte partaideek. Klikekin egindako erakusketa amaitzen den egunean amaituko da lehiaketan parte hartzeko epea, urtarrilaren 8an.

Klik erakusketa gehiago

Luis Fernandez bildumazaleak Berreginen museokoaz gain, beste erakusketa bat jarri berri du martxan. Bilboko Itsas Museoan Un mar de aventuras erakusketa egongo da ikusgai urtarrilaren 31 arte. Bertan, itsasoarekin zerikusia duten 11 eszena egin ditu klik panpinekin Fernandezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.