Etxea argazki kamera zaharrez beteta dauka Ramon Serrasek: «Ehun inguru ditut. Emazteak gehiago ez erosteko esana dit, baina...». Zarauzko Photomuseumen arduradunetako bat da, eta egongelan bezala sentitzen da museoan. Argazkilari gisa askotan erabili ditu Kodak kamerak, eta argazkilaritzari buruzko museorik onena multinazionalarena dela dio. «AEBetan dago, Rochesterren».
Kodaken sortzaile George Eastmanek argazki film bilgarria asmatu aurretik zer zegoen?
Bilakaera handia izan da. Louis Dagerrek dagerrotipoa asmatu zuen, esaterako. Kobrezko xafla bat zen dagerrotipoa, eta emultsio batekin lortzen zen irudia, baina, horretarako, ordu erdi geldirik utzi behar zen metala. Irudi bakarra ateratzen zen, kopiarik ezin zen egin, eta koloreetan izateko, argazkia margotu egiten zuten gainetik. Orduan hasi zen argazkilaritza. 1841ean, kalotipoa iritsi zen, Fox Talboten eskutik. Lehendabiziko paperezko negatiboak ziren, eta handik kopiak lortzen zituzten. Kristalezko negatiboak etorri ziren beranduago.
Eta kolorea noiz sartu zen?
Koloretako argazkien oinarriak jarri zituztenen artean zeuden Luis Ducos du Hauron eta Charles Cros, 1842an. Istorio interesgarria da oso. Asmakizuna patentatzera joan ziren bakoitza bere aldetik, bestearen berri jakin gabe Parisera. Itxaroten zeudela biei asmakizun bera bururatu zitzaiela ohartu ziren, ordea. Borrokan hasi beharrean bien izenean erregistratu zuten ideia.
Kodak 100 Vista izan zen Kodaken lehen kamera
Bai, halaxe da. Ehun negatiboko filma zuen kamera horrek. Ehun argazki egiteko aukera ematen zuen. Aurretik bakoitzak prestatu behar izaten zuen emultsioaren prozesu guztia, baina Kodakekin aldatu egin zen hori erabat. Argazkiak atera ondoren, AEBetako egoitzara bidaltzen zen kamera. Haiek errebelatzen zuten han, eta kamera beste ehun argazki ateratzeko prest uzten zuten berriz ere.
Zer aldaketa ekarri zuen horrek?
Argazkiak egiteko modua erabat aldatu zuen, eta argazkilaritza zabaldu zuen kolpetik. Edozeinek zeukan argazkiak egiteko aukera bat-batean; ez zen argazkilari profesionala izan behar, ordura arte bezala. Kodakek berak hori transmititu nahi izan zuen. Publizitate karteletan bidaietara ere kamara eraman zitekeela aipatzen zuen, adibidez.
Nolakoak ziren garai hartako argazkiak?
Negatiboek ez zuten kalitate nahikorik oraindik, eta horren ondorioz, ertzetan beltzuneak ateratzen ziren. Hori saihesteko, argazki biribilak asmatu zituen Kodakek.
Brownie kamerak merkaturatu zituen beranduago.
Kamera horiekin beste aurrerapauso bat eman zuten. Denborarekin, saltokiak Europan zehar zabalduz joan ziren, eta kamera ez zen AEBetara bidali behar han errebelatzeko; inguruan zeuden saltokietara eramanda, nahikoa zen. Bakoitzak ere bazeukan modua etxean zale gisa argazkiak errebelatzeko, nahi izanez gero.
Zeinentzat egiten zituen kamerak?
Zaletasuna zutenentzat nahiz profesionalentzat. Baina kamerekin batera, inguruko produktuak ekoizten zituzten, eta horrek berebiziko garrantzia izan zuen. Argazkilaritzaren industriak aurrera egiteko beharrezkoak ziren salgaiak izan ziren; saltokietan eta etxean argazkiak errebelatzeko behar zen guztia asmatu zuten. Lenteak garbitzeko produktuak, termometroak... Poltsikoan minik egiten ez zuten produktuak ziren; nahiko merkeak eta guztien eskura zeuden.
Zuk ere ezagutuko zenituen kamera horietako batzuk, ezta?
Bai. Kamera digitala baino lehen, disko txiki batekin funtzionatzen zuen kamera ezagutu nuen, adibidez, baina ez zuen arrakastarik izan. Instamatic bat ere oparitu zidaten gaztetan; unean bertan ateratzen zituen argazkiak. Polaroidek, ordea, helegitea jarri zion Kodaki asmakizuna kopiatu egin ziola argudiatuta, eta, azkenean, epaiketa Polaroidek irabazi zuen. Merkatutik erretiratu behar izan zituzten gisa horretako kamera guztiak.
Kamera digitala eurek asmatu zuten, eta, gaur egun, krisia digitalizazioak berak eragin du.
Bai, hala da. Japoniarrek jan egin dute; Nikonek eta Canonek. Merkatua askoz gehiago zatitu da orain. Inprimagailuekin atera nahi du zulotik, baina ikusi egin beharko da.
Lortuko al du krisitik ateratzea?
Aurrera jarraituko duela iruditzen zait, baina bidea bilatu beharko du horretarako, produktu bereziren bat saldu. Langileak botako ditu bitartean. Argi dago argazki filmaren garaia pasatu egin dela. Argazki filma desagertu? Ez da desagertuko. Gutxiengo batek jarraituko du erosten, baina horrek ez die nahiko dirurik emango. Argazki filmen prezioak gero eta garestiagoak dira dagoeneko.
Analogikotik digitalerako aldaketa nolakoa izan da argazkilari batentzat?
Zale gisa hasi nintzenean, 1975 inguruan, dirua behar zen zenbait gauzatarako. Etxean koloretan errebelatu nahi izanez gero, argazki bakoitzak 500 pezeta balio zuen. Diapositibek perfektuak izan behar zuten, eta ezin ziren manipulatu. Unearen zain egon behar zen argazkia ateratzeko.
Zer nahiago duzu, digitala ala analogikoa?
Bi ikuspegi dira, eta ez nuke jakingo hautatzen. Argia ezberdina da batean eta bestean, eta kamera digitalekin argazki gehiegi botatzen dira. Argazkilariak, margolarien gisara, teknika eduki behar du. Pertsona bat dago kameraren atzean, azken finean, eta ideia bat oinarrian; zerbait kontatu behar da.
Ramon Serras. Photomuseumeko arduraduna
«Kodakek argazkilaritza zabaldu egin zuen kolpetik»
Multinazionala krisitik aterako dela pentsatzen du, baina, horretarako, produktuarekin asmatu beharko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu