Ezarian. Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa

Koloreetako Afrika beltzetik

Malawi eta Mozambiken barrena bizitakoak bildu ditu Agurtzane Belaunzaranek honako idazki honetan. Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketako bigarren saria irabazi du.

Ilha Mozambikeko kalea. ARGAZKIAK: AGURTZANE BELAUNZARAN.
Agurtzane Belaunzaran
2010eko abenduaren 31
00:00
Entzun
«Benetako bidaiaren helburua ez da lurralde berriak bilatzea, begi berriak izatea baizik».

Hegoaldera so jarriak geunden aspaldian. Munduko atlasean, kontinente handi bat zabaltzen zitzaigun begi aurrean. Handia bezain ezezaguna. Beltza eta koloreetakoa aldi berean. Non gogoa han zangoa dio esanak, eta, ametsak gauzatuz, Afrikarako bidean jarri ginen. Malawin hasi zen bidaia, herrialde ñimiñoan. Tanzania, Zambia eta Mozambike ditu mugakide. Itsasotik urrun, mapan aurkitzea kosta egiten bada ere, Afrikako lakurik handienetan hirugarrenak bustitzen ditu Malawiko lurrak; 600 kilometroko luzera eta 80 kilometroko zabalera. Laku handiari loturik egon da Malawiko egonaldia. David Livingnston misiolari eskoziarraren urratsei jarraituz, bitakorako koadernoa zabaldu eta idazten hasteko prest gara.

Lilongue hiriburutik berehala egin dugu ihes. Hiri kaotikoa da, iluna, zikina, desegituratua, zentzu guztietan, gainera. Lakuaren uretara hurbiltzeko asmoz, Chitimba herria dugu helmuga. Hemendik, mendian gora, Livingstonia lotzeko. Autobusa lepo doa, jendez, bagajez eta zakuz. Alderrai bakarrak geu. Bi eguneko bidea dugu, eta Mzuzun egingo dugu gaua.

Denbora badugu eta lasai goaz; aho zabalik dakusagu autobusean bertan gertatzen dena, baita leihotik at begiztatzen duguna ere: paisaia zoragarria, eguneroko bizimoduaren irudiak, etxaldeak, jendea, bizitza bera... Autobus urdinak igo ditu aldapak, zeharkatu ditu herriak, jaitsi ditugu mendiak eta, ordu asko paseak direnean, itsasoaren pareko azaldu da lakua; Malawi lakua. Ikaragarria. Demasekoa.

Chitimban gara, lakuaren ondoko herrian. Bidegurutzeko seinaleak Livingstonia 15 kilometrora dagoela dio. Lur gorri eta harrizko errepidean abiatu gara mendian gora. Bidezidorretatik umeek lotsati egiten digute diosal eskuekin. Lakuaren ikuspegi ederrak eskaintzen dizkigu bideak. Misiolari ingelesek Afrikako ebanjelizazio prozesuan sortutako herria da Livingstonia, Malawin arkitektura koloniala duen leku bakarra. Mendi kaskoan eraikia, lakuari so, ingeles estiloko etxeek, Unibertsitateak eta Lanbide Eskolak osatzen dute herriko etorbide nagusia. Herriaren amaieran, berriz, harrizko etxea, Stone House. Egun, herriko ostatu bakar eta museo bihurtua.

Malawi lakua. Izarren lakua

Uneskok gizateriaren ondare izendatu zuen, eta parke nazionala da egun. Lakuaren inguruan, lastozko eta adobezko etxebizitza mordoek herrixka txikiak osatzen dituzte. Malawiko ekonomia nekazaritzan oinarritzen da. Iraupeneko ekonomia dute ardatz, pobreziarengoiko postuetan dagoen herrialdean. Lakuaren inguruko herrixkek, baratzeak izateaz gain, arraina dute eskura. Lakua dute bizitza iturri; edateko ura, garbitasuna eta arraina baitute eskura. Munduko paraje hauetan, ura urrea da. Bizitzari loturik jarraitzeko baliabide preziatua.

Ilargiarekin batera hasten da gizonen lana. Egurrezko kanoa xumeetan sarea kargatu eta, kerosenozko lanparekin, hondartza zuriko kostaldea abandonatzen dute. Gero horizontean, ipurtargiak bezala ikuskatzen dira, han, laku handiaren erdi-erdian. Goizaldera itzuliko dira, eguzkiaren presentziarekin batera, kanoak arraintxoz beterik. Merkatariek grinatsu itxaroten diete arrantzaleei, preziorik baxuenean ahalik eta arrain gehien nork erosiko. Errepide ondoko salmenta postu xumeetan salgai jartzeko. Gizonak dira arrantzale. Emakumeak, ama, etxekoandre eta saltzaile. Abagunerik txikiena ere, arrazoirik zorionekoena ere abestuz ospatzen duten emakumeak. Mutikoek beti dute jolasteko grina; futbolean batzuk, kanoetan arrantzarako duten abilezia erakusten digute besteek. Neskek amaren rolari eusten diote txikitatik. Lanean dihardute, anaia edo arreba txikian bizkarrean dutela; arropa garbitzen edo ura garraiatzen.

Etxaldeetan, arraina lehortzen dute. Ez dago argindarrik. Eguzkiaren argiak eta haizeak egingo du arraina lehortzeko prozesua. Naturaren erritmoan. Etxe atarietan, emakumeen solasaldia, morteroaren danbatekoekin tartekatzen da. Manioka uretan beratzen dute, gero, makilarekin xahutuz, shima egiteko; eguneroko platera, shima zuri-zuria edo arroza arrain edo haragi zati batekin.

Goizean goiz hasten da ikuskizuna gure begientzat, eta gauez milioika izarrez beteriko zeruarekin lokartzen gara. Izarren lakua deitzen dionik ere bada. Nik Irribarreen lakua izena jarri diot. Lakua ederra bada, bertako jendea ederragoa baita.

Eskolak

Mzungu mzungu! (zuriak zuriak!) diote ziento erdi bat neska-mutikok guregana inguratzen diren bitartean. Eskolarako bidean dira, motxilatxoa edo makutoa bizkarrean eta irribarre goxoa aurpegian. Luxurik gabeko eskola ikustera gonbidatu gaituzte. Gabezia material handiko eskola da. 120 neska-mutikok ikasten dute bertan. Lurrean eserita jasotzen dituzte eskolak. 10-12 urtekoen gelan sartu gara, eta andereñoa hiesari buruzko informazioa ematen ari da. Zorigaiztoko hiesak zifra beldurgarriak ditu Malawin. Umeek txikitatik jasotzen dute hezkuntza sexuala, amaiera luzea duen hiesaren soka gelditzeko asmotan. 1994az gero, Lehen Hezkuntza publikoa da, eta datuek alfabetodunen kopurua handitu egin dela diote. Irakurtzen eta idazten ikasten dute, baita batuketak eta kenketak egiten ere. 12 urte arte joaten dira gehienak eskolara. Zortea dutenek ikasten jarraituko dute; gutxi batzuek, baina. Gero, eguneroko bizitzak iraupenaren lezioak irakatsiko dizkie.

Lakua zeharkatuz Mozambikera

Nhkata Bay da lakuko porturik garrantzitsuena. Portua duten herrien identitate bera du; mugimendua, merkataritza, tabernak, alkohola eta prostituzioa. Ingurunea, benetan da polita. Hondartza zuriko kostaldea, palmondoak eta mendi garaiak atzean. Ilala barkua astean bitan ailegatzen da. Horixe da lakuaren inguruan bizi diren herrien eta irlen garraiobide nagusia.

Sartu gara itsasontzi zaharrean. Sartu dira zientoka malawiar ere, tonaka merkantzia, eta han goaz, izarrez beteriko gau ilunean lakuaren barnera. Goizalderako, ikuskatu ditugu Chizumulu eta Likoma irlak, Malawiko uretan, baina Mozambikeko lurretik gertuago. Ez da porturik hemen. Txalupatxoak etorri dira bidaiarien bila; salto egin behar dugu, goitik. Duda izpirik baduzu, akabo! Arroz zakuarekin batera egingo baituzu salto jendez lepo beterik den barkutxora.

Eta han goaz, kostaldea noiz harrapatuko, intxaur oskolak bezala olatu handiz beteriko lakuan. Eta hara non agertu diren baobab zuhaitz ederrak begi aurrean. Afrikako kondaira batek dio: «Zuhaitza hain zen ederra, Jaungoikoa bera ere jeloskor jarria zen. Eta zeruetako jauna haserre bizian zen egun batean, zuhaitza errotik atera eta adarrak lurpean sartu zizkion. Orduz gero, baobab zuhaitzak sustraiak luzatzen ditu luze adinean zabal, lau haizeetara».

Likoma irla txikia bada ere, bertako biztanleak etxalde xumeetan bizi badira ere, demaseko katedrala eraiki zuten ebanjelistek. Done Petri katedralak erlijioaren indarra eta oparotasuna erakutsi digu berriz ere, munduko herrialderik pobreenetakoan.

Egunak badoaz, ohartzeke. Eguzkiaren erritmoa maitatzen hasiak gara, erlojuarena ahaztuta. Chicewaz ikasi ditugun hitzekin, ongi etorriak gara toki guztietan. Masuka boangi! Masuera Boangi! eta ateak beti zabalik.

Parez pare dugu Mozambike, eta hartan gogoa jartzen hasiak gara. Arrantzaleekin tratua egin behar dugu itsasontzian muga pasatzeko. Haizea gogor dabil, eta olatuak ere maizegi eta handiegi. Kostata baina egin dugu, bada, tratua, eta han goaz, barraskilo zuriak, motxila etxe gisa hartuta txalupan. Hamar kilometro luze izan dira. Cobuen lehorreratu gara, Mozambike ipar-mendebaldean. Niassa eskualdean gaude, Mozambikeko probintziarik pobreenean. Datu horren berri bagenuen, eta lurrezko errepideetan egindako bidaia luzeetan ikusitakoek baieztatu egin dute genekiena. Pobreetan pobreena.

Indiako Ozeano hartu dugu helburu. Kostaldea. Lau egun behar izan ditugu, amaiezinak ziruditen bidaietan; chapa (bertako furgonetak), tren eta autobusetan. Beti jendez lepo. Hamar sartzen diren tokian Afrikan 30 sartzen dira! Oilasko, banana, arroz zaku eta antxumeekin, gainera.

Cuamba eta Nampula hiriak trenez lotu ditugu. Bagajea, janari zakuak eta jendea nahasten diren bagoietan, Afrikako bizimodua bertatatik bertara ezagutuz. Hamabi ordu luze izan dira.Inor gutxi kabituko zela uste izan dugu geldiune bakoitzean, baina usteak erdia ustel! Geldiune bakoitzean, kristalik gabeko leihotik, zakuak, poltsak eta bagajeak gora, eta, aterik gabeko atetik, jendea. Denak gora, inor gutxi behera. Nampula bidean, ikatz trenean, ttuku-ttuku goaz, bagoietan milaka kolore, milaka usain eta beste hainbeste bizitza istorio.

Erlijioa eta historia

Indiako Ozeanoari begira gaude azkenean, turkesa koloreko itsasoa! 2.500 kilometroko kostaldea du Mozambikek. 32 irla txikik osatzen dute Quirimbas artxipelagoa, eta han hasi dugu kostaldeko bidaia, Tanzaniako mugan. Bertara iristeko errepidea oso kaxkarra da eta denbora asko behar da, baina lekuak merezi du. Ibo izeneko irlara bidean goaz. Bela txalupan sartu eta gure azalearen koloreak isiltasuna piztu du. Alderrai gara hemen ere. Ibon hankak jarri bezain laster ohartu gara denbora geratu egin dela. Arkitektura kolonialeko etxebizitza zaharkituak; ederrak, baina. Abandonatua izan den tokiaren usaina du. Portugalen kolonia izan zen, eta, irla honetatik, merkantzia eta esklaboen trafikoa egin zen India eta Ameriketara bidean. Independentziaren urteetan, 1975ean, portugaldarrek herrialdea behartuta utzi zuten. Historia handiko tokia da Ibo txikia. Erlijio aniztasuna ere nabaria da. Arabiarrak VIII. mendean iritsi ziren, eta erlijio musulmana ezarri. Portugaldarrek, berriz, Jaungoikoaren hitza ekarri zuten, erlijio katolikoa inposatuz. Horregatik mezkita eta elizen presentzia.

Arrantza dute bizibide irla hauetan. Arrantza eta lasaitasuna. Munduan, ezagutu behar diren toki horietako bat da Ibo. Paradisurako bidea ote den galdetzen diot oraindik neure buruari. Ibo, Matemo eta Qurimba uharteetan egindako pausoetan, aho zabalik jaso dugu ikusitakoa. Makwa eta Mokonde etnien bizimodua. Emakumeak mussiroa jartzen dute aurpegian: gazteek, birjintasunaren ezaugarri; helduek, eguzkitik babesteko. Etxaldeetan, dozenaka ume jolasean. Gizonak kostaldean arrantzan, edota zilarra edo ebano egurra lantzen. Emakumeak umeak bizkarrean koloreetako kapulanan bilduta, palmondoen hostoekin etxe ataria garbitzen, morteroan arroza aletzen, manioka txikitzen, bazkaria prestatzen edota baratzean lanean.

Ilha Mozambikera bidean, hegoalderantz goaz. Unescok gizateriaren ondare izendatutako irla honek historia bizia du. Esklaboen trafikoa dela-eta urrezko garaiak ezagutua da, Mozambikeko hiriburu izateraino. Orain, denboraren eta abandonuaren arrastoak kendu nahian dabiltza, eta turismoarentzat azpiegitura ugari sortu dira. Herrialdeko tokirik bisitatuena da, kontinentearekin hiru kilometroko zubiak lotzen duen irla.

Afrika gertu-gertutik

Hondar zuriko hondartza eta turkesa koloreko urak dira nagusi, Tanzaniako mugan hasi dugun bidaiatik Maputoraino. Paisaia ederreko kostaldea; Afrikako Karibea. Lur gorriko errepideetan, hauts gorria harrotuz egin ditugu 2.500 kilometro. Herritarrekin batera, ipurdia estu-estu eginda, magalean, irribarre zuriko neska- mutikoak hartuta. Laranja zakuak hanka azpian eta oilaskoak poltsan daramatza emakumearen ondoan. Antxumeak ere bidelagun, furgoneten gainean lotuta. Geldiune bakoitzean, ezerezaren erdian, neska-mutikoak, bandejetan janaria, fruituak, edaria, haragia edo arraina saltzen. Bidaia bakoitza, ikuskizun bilakatuta. Herritarrekin kontu batzuk berrituz eta elkarrekin barre eginez.

Koloreetako Afrika beltza hauxe. Beltza, bizi diren errealitate gogorragatik. Hiesaren datuek oilo ipurdiak jartzeraino. Umeen desnutrizioak barruak astintzeraino. Bizi-itxaropena 45 urtekoa den herrialde hauetan. Beltza, gure iparra eta hego honen aldea gero eta handiagoa delako. Koloreetakoa, emakumeek janzten dituzten kolore biziko tela tradizionalengatik. Bizitza sinple eta xume horietan zoriontsu direlako. Eskuzabaltasunagatik. Koloreetakoa balioetan. Koloreetakoa, noski, umeen begirada eta irribarreengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.