Gaurkoan, mintza nintekeen La Sextako kate berriei buruz; edo La2 kateko ikusle kuota baxuen inguruan hausnartu; edo Belen Estebani egin berri dioten telebistako sasi-epaiketan galdu; edo hizketagai jakinik izan gabe ere, hari txiki bati tira egin eta behar adina karakterera iritsi. Ez dut egingo. Hain zuzen, inork halakorik egiten duenean sentitzen dudan amorruak narama asteazkeneko elkarretaratzeak hizpide hartzera.
Bazkalostean, EITBren Miramongo egoitza aurrean izan zen protesta; arratsaldean, Bilbokoaren atarian. Bi kartel argiri eusten zieten langileen eskuek: Adierazpen askatasuna-zentsurarik ez. Mami asko du eskakizunak. Gehiegi, testu bakarrera mugatzeko. Isiltasunak, baina, ez dio adierazpen askatasunari mesede egiten. Aleari alea eranstea da gutxienekoa. Hona nirea.
Baten batzuk, abilak baitira alez ale multzo handiak sortzen. Azkena, telebistako erredakzioko langile biri zigorra jartzeko mehatxua egitea. Joan den astean hauspotu ziren txingarrak ostera. Kazetari batek Politika arloburuarekin izan zuen liskarra. Egindako lana atzera bota eta politika arloburuak berak idatzitako albistea eman zion irakurtzeko kazetari bati. Hark uko egin zion, eta goizean hasitako pilota handitu egin zen arratsalderako.
Zigorra dena dela ere larria da oso. Ikustekoa izango da ETBko arduradunek zein azalpen ematen duten Eusko Legebiltzarrean. Arazoaren muina da kezkagarria: esan beharrekoak esan ezin izana. Kasu jakin honetan, kazetaritza baztertu eta politika egitea. Ez da berria. Agerikoa da. EITBn aldaketa handiak izan aurretik ere gertatzen zen. Agian, ez zituen hainbeste jendek nozitzen muga horiek. Hala ere, garai batean salagarria zena salagarria da egun ere. Akaso, nabarmenagoa da gaur, jende gehiagori eragiten dio eta.
Halako agindu zehatzek sortutako ezintasunek izen zehatza eta gordina dute: zentsura. Baina baita ondorio ezkutua ere: autozentsura. Nago lehena baino larriagoa dela bigarrena. Beldurrak sortua da, ondorioekiko beldurrak. Orokorrean, kazetariak ez daude ospakizunetarako lan baldintzei dagokienez. Beraz, zertarako hanka lokatzetan sartu. Hori da askoren pentsatzeko era. Jokabide horrek, ordea, ez dakar irtenbiderik. Ausardia, elkartasuna, konpromisoa... Horiek izan litezke urrats egokiak, betiere aurretik talde hitza jarriz gero.
KOMUNIKAZIOA. Alearen garrantzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu