Otsailaren 14an beteko ditu Antxeta Irratiak hamar urte, eta hori ospatzeko kanpaina berezi bat egingo dute urte honetan. Entzun, esan, adierazi... Antxeta Irratia luzaroan bizi! izena jarri diote kanpainari, hala ulertzen baitute komunikazioa. «Eta aurrerantzean ere horrela nahi dugulako».
Martxan jarriko dituzten ekimenen artean logotipo lehiaketa bat dago. «Hamar urte pasatu eta gero, beste horrenbeste iraungo duen logotipoa egiteko unea dela deritzogu. Hau da, gure irratiaren irudia berritzeko lehiaketa antolatuko dugu», azaldu dute irratiko kideek. Irrati-nobela lehiaketa bat ere antolatuko dute.
Antxeta Gauak egingo dituzte, bestalde. Aurrenekoa larunbat honetan izango da, Hendaian, Kanttu ostatuan.
Azaroan Irungo Argoiak eta Bilgune Feministarekin autodefentsa tailerrak antolatuko dituzte, genero indarkeriaren kontrako egunaren harira. Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, Irunabar bertso eskolarekin batera elkarlanean ariko dira. Urtarrilaren 8an herri komunikabideen aldeko hitzordua egingo dute, Hondarribiko Psilocyberekin batera. Otsailean, berriz, Europa Mailako I. Irrati Topaketak antolatuko dituzte.
«Sostengua blokeatua»
Kanpainaren aurkezpena Hendaian egin zuten atzo, eta han izan ziren Hendaiako alkate Jean Baptiste Salaberri eta euskara zinegotzi Jean Michel Berra. Antxeta Irratiko arduradunek aurkezpena baliatu zuten Bidasoa-Txingudi Partzuergoari hitz batzuk egiteko eta jasotzen duten sustengu ekonomikoa «blokeatua» dagoela adierazteko. 2001etik diru kopuru bera jasotzen dute: 6.000 euro. «Hori aurrekontu osoaren %5 baino ez da». Irun, Hendaia eta Hondarribiko udaleei «laguntza berrazter zezaten» eskatu zieten iaz. 10. urteurrenaren karira, «Antxeta Irratiak merezi duen laguntza jasotzeko, unea baliatu nahi dugu».
KOMUNIKAZIOA. Antxeta Irratiak 10. urteurrena ospatzeko kanpaina jarri du martxan
Irrati-nobela eta logotipo lehiaketak, Antxeta Gauak eta Europako Irratien Topaketa antolatuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu