Jarraian datorren kontakizuna egiazko gertaera batean oinarrituta dago. Ordea, azaltzen diren pertsonaien intimitatea errespetatze aldera, izenak asmatuak dira. Demagun Pili eta Arantxa direla astelehen goizeko zortzietan. Gaztelaniaz mintzo dira, kafe usainez eta kez girotutako taberna batean. Gosaltzen ari den neska gaztearen mahai azpira joandako txakurrari, baina, euskaraz egiten dio Pilik.
-Zer giro, ezta?
-Bai, etxerako hobea dago.
-Hala igaro nuen egun osoa atzo, sofan, mantaren azpian.
-Baita nik ere. Bazkalostean film bat ikusi nuen Cuatro katean.
-Zein, gizotsoaren hura?
-Hain zuzen ere. Halakorik...
-Kar-kar. Bihotza arrankatu hura, odola... Hain zen txarra, ezen ez zuen beldurrik ematen!
-Egia da! Nik oso-osorik ikusi nuen, aspertu arren.
-Eta gauez, La1koa ikusi nuen. Nola zen...
-Bai, Leonardo DiCapriorena: Diamantes de sangre.
-Bigarrenez ikusi nuen. Duela gutxi beste kate batean eman zuten. Xehetasun guztiak neuzkan akorduan, ez nuen asko gozatu.
Hala izan zen gutxi gorabehera. Ni bizkarrez nengoen; begiak egunkarian, belarriak elkarrizketan eta burua Ekografia honetan. Izan ere, nahi gabe izanagatik, hari mutur bati baino gehiagori tira zioten Pilik eta Kontxik. Hitz-aspertuaren indar inkontzientea. Eguraldiaz hasi ziren. Argi da, datozen hilabeteetan telebistaren kontsumoak gora egingo duela. Pentsa, igande euritsu eta iluna izan zen. Etxeko egongeletan, mantak eta nahierara erregula daitezkeen kako itxurako lanparak. Bazkalosteko logaleak telebista piztera garamatza. Zernahi dagoela ere, ez dugu altxatzeko asmorik izango. Inertzia horren erruz, asperdura baino ez dakarkigun filma hasi eta buka ikus genezake. Beraz, eguraldi txarrak areago kamusten du gure ikuspegi kritikoa. Telebista bera ere kamustasun horren errudun izan daiteke sarri. Hizketaldia, askotariko etxeko lanak, liburu on bat, mahai jolasak... Horiek eta beste hainbat dira igande euritsu batean egin daitezkeenak. Horiek ala betikoa. Eta gehienok, ziur asko, pantailarentzako soilik dauzkagu begiak. Aspertu arren. Beti, betikoa izan arren, errepikatua ala txarra. Beldurtzeko modukoa.
Ezinbestean, Otoño en Nueva York milagarrenez ikusi nuen igande hartaz gogoratu naiz. Ni ere, hein batean, banaiz Pili, banaiz Arantxa.
KOMUNIKAZIOA. Arantxa eta Pili
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu