KOMUNIKAZIOA. Arratsaldero

Jokin Labaien.
2010eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Ez diete erronka makala jarri beren buruei. Iragan astelehenean hasi ziren, eta, aurrerantzean, Arratsaldero bost orduko magazinea eskainiko dute ETB1en. Hiruretatik zortzietara. Luze joko du.

Espainiako kateek urte askoan eman izan dituzten saioen antza hartzen diot. Maria Teresa Campos goizeko audientzien erregina bihurtu zuen molde horrek. Telebista pizten zuen oro, hari begira egoten omen zen une batez bada ere. Piztuta uzten omen zuen jendeak telebista, egin beharrekoak egin bitartean. Gairen bat interesgarria irudituz gero, orduan jartzen omen zioten arreta. Izan ere, denetariko gaiak lantzen zituzten. Saio bera hainbat saio zen. Hala behar du ezinbestean.

Hala izanda ere, zaila da telebistak berez eskatzen duen dinamismoa lortzea egunero bost orduz. Hori dela eta, saio berria formatu ugari erabiltzen ari da: mahai-inguruak, erreportajeak, elkarrizketak, hainbat gai jorratzen dituzten adituak, zuzeneko konexioak, atal informatiboak...

Baina bost ordu bost ordu dira. Atzo, esaterako, txirrindularitzan etengabe pil-pilean dagoen gai batekin hasi zuten mahai-ingurua, dopinarekin. Oihan Vega eta Estitxu Fernandez aurkezleek gidatuta, Nerea Aguado, Martin Barriuso eta Migel Madariaga izan ziren hizlariak. Bazuten zer esana, ongi ari ziren, baina luzeegi jo zuen. Ordubete eman zuten gai beraren inguruan hizketan. Bostetik bat. Ziur naiz saioaren iraupenaren ondorioetako bat izango zela hori ere.

Hori izango da, nire iritziz, saioaren erronketako bat. Egunero-egunero bilatu beharko dituzte kontu ezberdinak. Batetik bestera aritu beharko dira, errepikatu gabe, aipatu erritmo egokiaren bila. Nekatzea baino egokiagoa baita laburtzea. Horretarako gonbidatu onak beharko dituzte. Joseba Tapia izan zuten ostegunean. Langa goian jarri zuten. Ea mantentzen duten.

Gutako gehienok ez dugu osorik ikusiko Arratsaldero. Ezinezkoa da. Helburua, ziur naiz, ez da hori, ezpada parean tokatzen zaigun une horretan gure begiak pantailari iltzatzea. Bost, hamar, hogeita hamar edo hirurogei minutuz, berdin du, baina une horietan bizitasuna eskaini beharko dute. Bizitasuna eta oraindik ikusi ez diodan berritasunen bat. Adibidez, etxe berean, ETB2n, desberdina izan arren antz handia duen saio bat ematen baitute lauretatik seietara. Eta zer esanik ez gainontzeko guztietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.