Juan Carlos Viloria.ETBko politika saileko arduradun izendatu dute Vocentoko editorialen koordinatzailea. Ganbara-ko solasaldietan egin zaigu ezagun haren ahotsa azken urtean, REn. Eskuinekoa ideologia aldetik, eta kontra egingo dionik aurrez aurre topatuz agudo berotzen diren horietakoa formetan. Zer pentsatua ematen du PSEk PPren orbitako bat jarri izanak ETBn garrantzi itzela duen postu horretan. Ganbara-ko entzuleok faltan izango ditugu Iñaki Iriondorekin eduki ohi zituen xextra deliranteak.
Karmele Aranburu.EITBko kupulan gertatzen ari den aulki dantza proban jartzen ari da gure harritzeko gaitasuna. Urteetan Donostiako HIko albistegietako ahotsik entzunena izan dena EIko edukien koordinatzaile izendatu dute. Onda Vascak HI irentsi ostean modu itsusian langabezian geratu ziren beterano horietakoa zen kazetari oriotarra. Izendapena konstatazio bat indartzera letorke: EITBko nagusi politiko berriek Euskadi Irratia bazterreko hedabidetzat daukate, ETB1, ETB2 eta RE ez bezala; harengan ez dutela horrenbesteko kontrol ideologikorik ezartzen, alegia. Utzikeria horren ondorio pozgarrietako bat, egun EITBren barruan EI euskal errealitate plurala jaso ahal izateko askatasunik handiena duen hedabidea bihurtu izana da.
Gogoetak.Nora Arbelbidek (astelehenero, 16:30ean), Iñaki Segurolak (hamabostero asteazkenetan, 20:30ean; etzidamu, hain zuzen) eta Harkaitz Canok (ostegunero, 20:30ean) bost minutuan kontzentratzen diren pilulak ekartzen jarraitzen dute Arantxa Iturberen Arratsaldekoa saio ordutegiz berritutakora. Nork bere begiralekutik, gogoeta iradokitzaileak jaurtitzen dizkigute. Hori bai, Segurolarengana lehen aldiz hurbiltzera doanari ohartxoa egin behar zaio: pose huts gisa hartzea komeni da haren esakera pedante eta probokatzailea. Muinari egin kasu handiagoa, badauka-eta zeri kosk egina.
Fitxaketa errentagarriak.Paco Gonzalez eta Pepe D. Castañosek hilabete eskas daramate COPEn Tiempo de Juego saioarekin, baina dagoeneko kirol irratigintza irauli dutela dirudi. SER kateko El Carrusel-ek betidanik izan duen publizitate andana eskuratu dute jada, eta COPE zorrak kitatzeko zorian da. Datozen asteetan, bi datu jakinaraziko dizkigute: EGMren neurketa eta Manolo Lama SER utzi eta beste horiengana doan ala ez.
KOMUNIKAZIOA. Aulki jokoa botereguneetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu