KOMUNIKAZIOA. Azken atala, eta bikoiztera

ETB1eko 'Mugaldekoak' telesailaren azkeneko atala emango dute gaur gauean. Tentazioak etxeak ez du atal gehiago egiteko eskaerarik jaso. Egindakoak gaztelaniara bikoiztuko dituzte, ETB2rako.

urtzi urkizu
Donostia
2010eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Ez du aparteko ikusle daturik lortu Mugaldekoak telesailak. Ez da kritikari askoren ahotan edo testuetan azaldu, eta ia oharkabean pasatu da ikus-entzule askorentzat. Baina, neurri handi batean, ETBk ekoizpena emititzeko izan duen kontu eskasaren ondorioa izan da. Gaur gauean emango dute azken atala (22:10), eta, Mireia Gabilondo telesailaren zuzendari eta aktorearen arabera, «jende askok ez daki eman dutenik ere».

Maiatzaren 26an estreinatu zuten telesaila, komunikabideen aurrean aurkezpena egin eta hilabete eta erdi luzera. Zortzi atal eman zituzten asteazken gauetan, sustapen handirik gabe. Eta udan etenaldia etorri zen. Azken bost atalak larunbatetan jarri dituzte. Eta kateak denboraldiko eskaintza berriak estreinatzen ari direnerako, bapo. Gaurkoarekin bukatu da Mugaldekoak.

Tentazioak ekoizpen etxeak ez du ETBren aldetik atal gehiago egiteko enkargurik jaso. Eta, hori ikusirik, «tristuraz hartu dute egoera, oraingoz ez dutelako jarraituko». Gabilondok dio ez dakitela ezer: «Stand-by egoera batean gaude, baina esan nahiko nuke ETBn telesaila gogo gutxirekin eman dutela».

ETBko zuzendaritzara jo du BERRIAk telesailaren balorazioa jasotzeko. Baloraziorik ez, baina ETBko iturriek iragarri dute Mugaldekoak gaztelaniara bikoiztu eta ETB2n emateko asmoa dutela; telefilma bikoiztu du dagoeneko aktore talde berak. Telefilm hori, gaztelaniaz, FORTAko beste kate autonomikoei saldu nahi die ETBk. Azken finean, euskarazko ekoizpenean egindako inbertsioari etekin ekonomikoa atera nahi diote. Hori bai, oraingoz ez diote Tentazioak ekoizpen etxeari atal gehiago egiteko eskatuko.

Kontuan izan behar da EITBko zuzendaritza berriak ez duela fikziozko proiekturik martxan jarri. Neurri handi batean, krisiak eta aurrekontuko murrizketek eragin dute hori. Baina hainbat esparrutatik deigarritzat jo zuten udan Miramon geldirik egon izana eta fikziorik ez grabatzea.

Iraganeko lehen fikzio lana

ETBk «iraganeko lehen fikzio lan» gisa definitu zuen Mugaldekoak. Izan ere, 40ko hamarkadan dago girotuta. Comette sarearen eta herrixka bateko pertsonaien gorabeherak kontatzen ditu. Lan handia egin zuten dekoratuetan, jantzietan eta makillajean. Inbertsioari eta ahaleginari etekina ateratzeko, lehen denboralditik harago atal gehiago egiteko asmoa bazuten ekoizpeneko arduradunek, baina oraingoz ez da halakorik izango. Zaila dirudi, gainera, etenaldi luze baten ostean etorkizunean ETBk telesailaren jarraipenean inbertsioa egitea.

Mireia Gabilondorekin batera, Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala aritu ziren telesaileko zuzendari lanetan. Aktore protagonistak, berriz, Isidoro Fernandez, Iñaki Beraetxe, Matxalende Pedro, Sara Cozar, Alberto Berzal eta Klara Badiola dira.

Azken tramak

Gaurko azken atalean pertsonaien istorio batzuk argituko dira. Patro eta Cosmeren ezkontza eguna da, eta herrian denak daude aztoratuta. Bitartean, Juan eta Bernard, nor bere aldetik, dolurako prestatzen ari dira. Juan armaturik joango da adostutako lekura; Bernard, berriz, armarik gabe. Bernardek nota bat utzi du Mirenentzat, eta hark nota behar baino lehenago irakurriko du. Juan Bernard hiltzera doanean, hark esango dio anaiak direla. Juanek ez dio sinistuko, baina une horretan Manuel eta Irene agertuko dira, eta Juanek dena ulertuko du. Mateok Ezkilaren amaren peskizan jarraituko du. Azkenean, Arana barrenak hustera ausartuko da, eta dena kontatuko du.

Pertsonaiok ematen dute gehiagorako, baina laster gaztelaniaz entzungo zaie soilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.