10 urte uhinetan. Eskerrik Koska lelopean, egitarau oparoa prestatu du Uribe Kostako Koska irratiak datozen hilabeteetarako. Izan ere, 10 urte betetzen ditu Bizkaiko irratiak eta «gogoz eta ilusioz beterik» eman diote hasiera denboraldiari. Iaz martxan jarritako irratsaioekin jarraitu eta berri batzuei atea irekiko diete.
Gaur hasiko dituzte urteurreneko ospakizunak. «Herrien arteko elkartasuna» ardatz izango duen lagunarteko kontzertua emango du Rafael Amor kantautore argentinarrak. Getxoko Itzubaltzeta gaztetxean izango da kontzertua, 21:00etan. Kontzertuarekin batera, denboraldi berria aurkeztuko dute Koska irratiko kideek.
Programazioari dagokionez, iazko zenbait proposamen aberastuta helduko dira FMko 108 seinalera: Finean nafarrak historia saioa, Munduko sustraiak munduko musiken programa, Pastadun betaurrekoak Euskal Herriko kultur eskaintza umorez lantzen duen saioa, Gazte uhinak Algortako Gazte Asanbladaren irratsaioa, Bashatee musika elektronikoz bustitzen den saioa, Ghetto magazinea eta Asesino el rock & roll musika programa.
Berrikuntzen artean Uribe Kosta eskualdeko kirol taldeei errepasoa egingo dion ArnasestUK saioa dago. Asteazkenero emitituko dute, 21:00etan.
Koskaberri albistegian eskualdeko informazioa lantzen jarraituko dute egunero, 20:30ean. Halaber, Arrosa sarearen bitartez hainbat saiorekin osatuko dute programazioa.
KOMUNIKAZIOA. Bizkaiko Koska irratiak gaur hasiko ditu 10. urteurreneko ospakizunak
Uribe Kostako kirol taldeei errepasoa egingo dion 'ArnasestUK' irratsaio berria emango dute asteazkenero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu