«Etorkizun katastrofikoa» ikusten du Txema Ramirez de la Piscina EHUko irakasleak prentsarentzat, eta etorkizunean «astindu ederra» jasoko duela iragarri du. «Prentsaren hedapen indizea mundu osoan jausi da: % 7 inguru, Europako Batasunean; %10en bueltan, Espainiako Estatuan; %25, EAEn; eta %5, Nafarroan». Datu horiek Eibarren eman ditu EHUko irakasleak, UEUk antolatutako Kazetaritzaren etorkizuna izenburuko mahai-inguruan. «Gainera, ez dirudi joera hori 2010eko hamarkadan aldatuko denik». Ramirez de la Piscinaren arabera, azken urteetan garatu dituzten promozio estrategiek salbatu dituzte egunkariak: «Kioskoan era guztietako sorpresak eta eskaintzak topatzen ditugu egunero».
Jose Luis Martinez Albertos irakasle madrildarraren iritziz, prentsaren iraungitze data 2020. urtea da. Beste aditu batzuen arabera, prentsa ez da inoiz desagertuko. «Sektoreak iraupena bermatu nahi badu, aldaketak ezinbestekoak dira», dio Ramirez de la Piscinak. Eta aldaketa horren bidea multimedia dela uste du, baina «kalitatezko multimedia» egin behar da.
Mahai-inguru berean, Julian Beloki EITBko irratien zuzendari ohiak honako egoera hau planteatu du: «Orain irrati bat sortu beharko banu, nire poltsikotik ordainduta, bi galdera planteatuko nizkioke neure buruari: irrati berria unibertso digitaletik bideratu ala kazetari aditutik?». Oraingo irrati motak aldatzen eta beste forma bat hartzen joango direla aurreratu du Belokik.
Iñaki Uria Hamaika Telebistako zuzendariak uste du etorkizuna multimedia dela, baina kezka du multimedia hori nola sostengatzen den: «Finantzaketa da arazo nagusia. Telebista publiko ziren asko pribatu izatera pasatu dira, eta orokorrak izatetik tematiko izatera».
KOMUNIKAZIOA. De la Piscina: «Prentsak astindu ederra jasoko du etorkizunean»
Kalitatezko multimedia egitearen alde azaldu da EHUko irakaslea UEUk antolatutako udako ikastaroetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu