KOMUNIKAZIOA. Egunean hiru orduz irratia entzuten

CIES: Irratia (II). '25 urte ikus-entzuleen kopuruak neurtzen' ikerketaren arabera, urteotan irrati kontsumoak apur bat egin du behera, baina entzuleen kopurua hazi egin da.

urtzi urkizu
Donostia
2009ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Irrati kontsumoa nahiko egonkorra izan da Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan azkeneko 25 urteetan. Horren erakusgarri,CIESek egindako 25 urte ikus-entzuleen kopuruak neurtzen ikerketan agertzen diren datu batzuk: 80ko hamarkadaren hasieran 14 urtetik gorako herritar bakoitzak 3,30 ordu pasatzen zituen egunean irratia entzuten. 90eko hamarkadan jaitsi egin bazen ere, 2008an eguneko 3,11 orduko kopurura igo da berriz ere.

Irratigintzaren alorrean, dena den, hainbat aldaketa izan dira azkeneko mende laurdenean. «Ikerketa hasi genuenean oso irrati gutxi zeuden. 80ko hamarkada hartan, irratia emakumeek goizez entzuten zuten batik bat, eta gizonezkoek gauez», oroitzen da Carlos Zufia ikerketako zuzendaria. «Emakumea lan mundura heltzearekin, irrati kontsumoa dibersifikatu egin zen ordutegiei dagokienez. Gainera, irrati kopurua asko hazi zen».

Urteotan irrati kontsumoak apur bat behera egin badu ere, entzuleen kopuruak gora egin du. «Gainera, irrati eskaintza hobetu egin da, eta orain entzule motak oso ezberdinak dira».

Azkeneko hamarkadan-prentsarekin gertatu bezala- gazteen artean irrati kontsumoak beheraka egin du. «Musika eskaintzen zuten irratiak entzuten zituzten gehienbat gazteek, eta orain musika entzuteko beste modu batzuk dituzte, teknologia berriei esker». 14-20 urte bitarteko gazteen artean %69tik %40ra jaitsi da irrati kontsumoa 20 urtean.

Emakumeen artean irrati kontsumoa lehengoratzen ari da azkenaldian, 80ko hamarkadan izan zuen jaitsiera nabarmenaren ostean.

Zufiaren arabera, irrati emisora asko egoteak entzuleen segmentazio handia dakar. «Publizitate banaketa zabala dela eta, kateen errentagarritasunean arazoak izan daitezke. Dena den, bere garaian esaten zuten telebistarekin irratia hilzorian egon zitekeela, eta ez da hala gertatu».

Hego Euskal Herrian gaur egun SER eta Radio Euskadi dira gehien entzuten diren irratiak. Ondoren, atzerago, Euskadi Irratia, Onda Cero, COPE eta RNE datoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.