KOMUNIKAZIOA. Ezohiko jaieguna

Jokin Labaien.
2010eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Astearteak jai egunetako programazioa eskaini zigun: dokumentalak, kirola, telesaioak, marrazki bizidunak... eta, nola ez, Madrilgo Lima kalean urtero egin ohi duten desfile militarra. Eta nik, ikasle garaiko greba egunetan manifestaziora joatea ezinbesteko jotzen nuen honek, Hispanitate Egunean La1 kate publikoari eskaini nion goiza. Laneko jai egunari, «jai egun nazionala» zor.

Jantzirik onenak soinean erakutsi zizkidaten espainiar errege etxeko kideak, gobernuko agintariak, segurtasun zerbitzuetako buruak, herritarrak eta indar armatuetako lagin bat. Azken hori, 3100 militarrek, 110 ibilgailuak, 50 hegazkinek, 134 zaldik, 3 txakurrek eta legionarien Manolo izeneko ahariek osatua.

Publizitate hutsa. Duela egun batzuk ETB1ean ikusi nuen urriaren 12rako Espainiako Barne Sailak prestatutako iragarkia. Azken urteko lorpenak zerrendatu eta harrotasunez «jai egun nazionala» ospatzera dei egiten zuena. Atzo, kate publiko espainiarrak hartu zion lekukoa iragarkiari. Publizitate hutsa, indar erakustaldia saltzeko, indar armatuen ahala hezurretaraino sartzeko.

Ez da Ipar Korea bere armamentua kalera atera eta munduari erakusten dion bakarra. Egun batzuk lehenago beldurgarri eta probokazio izenondoak zerabiltzaten hedabideek paparra altu eman dizkigute irudiak. Niri oilo ipurdia jarri didate.

Ikusleen artean, besteak beste, «viva España» zioen haurra eta bandera hori-gorria haizatzen zituen heldua aurkitu zituen iaio kameralariak. Bitartean, La1 kateko «kazetariek» ahal beste azalpen eskaintzen zituzten mintzaira militarrez. Pauso erregularrez Lima plaza zeharkatzen zuten taldeen xehetasunak, ibilgailu armadunen balioaren aldarria eta, gure ongizatean, bi hankadunek zein zeramatzaten tramankuluek duten garrantziaren gorespena. Hori guztia, bizi dugun egoerari bizkar eman gabe. Ez pentsa, desfileak ez du dirutzarik xahutu. Kalera atera zituzten dohaiak Madril ingurukoak dira-eta.Bi gairi baino ez zieten entzungor egin espainiar kate publikoan: «Zapatero dimision!» soinu bandari eta Latinoamerikako bederantzi banderarietako bat zergatik falta zen azaltzeari. Gerora jakin nuenez, Venezuelako banderaria behar zuenak ondoezik sentitu zen azken unean. Destinu petrala. La1ko hizlarientzat, zuhaitzen erruz ez genuen Venezuelako bandera ikusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.