KOMUNIKAZIOA. Gazteen lautik hiru sarean daude egunero

CIES: Internet (eta IV). CIESeko ikerketaren arabera, Araban (%44) eta Nafarroan (%43) Gipuzkoan (%38) eta Bizkaian (%30) baino gehiago erabiltzen da Internet, egunero.

urtzi urkizu
Donostia
2009ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Aurreko asteetan 25 urteko ibilbidea aztertu dugu prentsan, irratian eta telebistan. Erreportaje sorta honetako azkenekoan, berriz, Internetek zortzi urtean egindako bidea izango dugu jomuga.

Hego Euskal Herriko etxeetan asko zabaldu da Internet urteotan, eta dagoeneko etxeen %60etan dago Internet: %64etan Nafarroan eta %57etan EAEn, batez beste. Carlos Zufia CIESeko ikerketako zuzendariak azaldu duenez, Europan portzentajea apur bat handiagoa da: %63. «Espainian, aldiz, batez bestekoa txikiagoa da: %52koa».

Nafarroako herritarren %43 egunero sartzen dira Interneten. EAEko hiru herrialdeen artean, Arabako herritarrak dira Internet gehien erabiltzen dutenak: %44k. Gero Gipuzkoakoak (%38) eta azkenik Bizkaikoak (%30). «Internet Nafarroan Bizkaian baino zabalduago egotearen arrazoia soziala da, Nafarroan ezberdintasun sozial gutxiago daudelako».

Nahiz eta Internet asko zabaltzen ari den, Zufiak uste du oraindik beste komunikabide batzuek baino eragin gutxiago duela: «Kaos handia dago Interneten, eta ez dago definituta sareko hedabideek zer eragin duten».

Kontsumo joeren aldetik, ordea, gazteen artean Internet erabiltzeko duten ohitura asko zabaldu da urteotan. 2000. urtean eguneroko erabilera %12koa zen 14-20eta 21-25 urte bitartekoen artean. 2008. arte ikaragarri handitu da portzentaje hori: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %65era 14-20 urte bitartekoena, eta %72ra 21-25 adin tartekoarena. Nafarroan, aldiz, gehiago erabiltzen dute Internet 14-20 urte bitartekoek (%73), 21-25 urte bitartekoek (%70) baino. «Mutilek gehiago erabiltzen dute neskek baino. Gazteentzat Internet da komunikaziorako tresna nagusia, sakelako telefonoarekin batera. Etorkizunean horrek aldaketak ekarriko ditu». Gazte horiek ez dute Internet erabiltzen informatzeko, baizik eta gehiago solasguneetan eta sare sozialetan ibiltzeko.

Helduen artean gizonezkoek gehiago erabiltzen dute Internet emakumezkoen baino, hamar puntuko aldearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.