Bagera Donostiako euskara elkartearen eta Irutxulo aldizkariaren altzoan jaio zen Gaztezulo 1999. urtean. Gaztetxulo izena zuen hasiera haietan. Donostian banatu zen lehen urtean, eta 2000ko urrian Euskal Herriko zazpi lurraldeetara zabaldu zen. Aldizkari mardulagoa bilakatu zen, bide batez. Ordutik Euskal Herri osoko gaiak lantzen ditu, eta harpidetza bidez ez ezik kiosko askotan dago eskuragarri.
Hainbat ekimen ari dira prestatzen 2010. urtean, 10. urteurrenaren harira. Eta potoloena ostiral honetan Bilboko Kafe Antzokian egingo duten festa izango da. Egoitz Lasa aktoreak (Wazemank) egingo ditu gidari lanak, 21:30ean hasita. I. Gaztezulo saria emango diote Gorka Urbizu musikariari; Urbizuk jaso ditu boto gehien, Maialen Lujanbioren aurretik. Eta jarraian, Esne Beltza musika taldeak joko du. Kontzertua amaitzerakoan, hainbat opari zozkatuko dituzte Kafe Antzokian bildutako lagunen artean.
Zenbaki berezia, mardulagoa
Hamargarren urteurrena ospatzeko, bestalde, urrian zenbaki berezia kaleratu dute. Ohi baino mardulagoa da, eta pertsona ezagun ugari agertzen dira. Besteak beste, Bebe musikaria eta Marta Etura aktorea elkarrizketatu dituzte. Gainera, 11 idazlek eta 11 marrazkilarik 2000tik 2010era bitarteko urte bati buruzko testua eta ilustrazioa egin dute. Idazleen artean Harkaitz Cano, Irati Jimenez eta Toti Martinez de Lezea daude. Ilustratzaileen artean Asisko Urmeneta, Elena Odriozola eta Zaldi Eroa. Bestalde, irakurleek hala eskatuta, kirolek tarte zabalagoa izango dute aurrerantzean aldizkarian. Kiroletako atal berria estreinatzeko, Killian Jornet mendi lasterkari kataluniarrraren hitzak bildu dituzte.
Urteurreneko ekitaldiez gain, Gaztezulo-k aurrenekoz bideo lehiaketa bat antolatu du. Gaia aldizkariaren goiburu bera da: Hi eta hire munduak. Gutxienez minutu bateko eta gehienez hiru minutuko bideo batean, parte-hartzaileek euren mundua nolakoa den isla dezatela nahi dute antolatzaileek. Bideoak euskaraz izan behar dute, eta azaroaren 15ean amaituko da bidaltzeko epea. Youtuben jarri behar dira bideoak, eta ondoren esteka bidali [email protected] helbidera. Lehiaketako epaimahaia honako lagun hauek osatuko dute: Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Koldo Almandoz, Egoitz Lasa eta Aitziber Garmendia. Irabazleak 1.500 euro jasoko ditu.
Sarea, «ezinbesteko tresna»
Gaur egun Gaztezulo sendotutako proiektua da. Lan taldea bost lagunez osatuta dago, eta kolaboratzaile sare zabala du. 7.000 harpidedun ditu eta 16.000 ale inguru banatzen ditu hilero.
Webguneak ere goranzko joera nabarmena izan du urteotan. «Komunikazio proiektu osoa» izateko ahaleginean, «sarea ezinbesteko tresna dela uste dute». www.gaztezulo.com webguneari esker, gazteekin harremanetan daude, eta gazteak elkarren artean jar daitezke harremanetan. Nabarmentzekoak dira, halaber, Gaztezuloflash astekari elektronikoa eta Facebookeko kontua. Mila lagunetik gora ditu Facebooken Gaztezulo-k.
KOMUNIKAZIOA. 'Gaztezulo' aldizkariak 10. urteurrena ospatuko du ostiralean Bilbon
Urrian zenbaki berezia kaleratu dute; testu eta ilustrazio bana egin dute 11 idazlek eta 11 marrazkilarik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu