KOMUNIKAZIOA. Gernikako egiak

Xabier Lasa.
2010eko urriaren 31
00:00
Entzun
Potolokeriak.Gertakariak hitz potolo eta sentsazionalistez kontatzeko joera dute hedabideek maizegi. Asteartean Boulevard-ek entzuleei eskaintzen dien tartean, El teléfono del oyente-n, gernikar batek mezu argia helarazi zuen: gezurra da albistegiak esan eta esan ari direna urtero; «Gernikan ehun mila pertsona bildu» direla asteleheneko merkatuan, alegia; 15-20 mila izan ohi dira, asko jota. Ama Kandidaren kanonizazio egunean ETBk adierazi zigunez, «izugarrizko ikusmina» zegoen andoaindarren artean. Mutil batek Andoaingo neska bat larriki zaurituta utzi zuenean ere, andoaindarrek «beldur handia» sentitzen zutela baieztatu zuten SER katean, Hora 14 Euskadi albistegian. Egiazki, zutabe honen egileak ziurta dezake aipatu egun horietan herri horretan nekez suma zitekeela ez izugarrizko ikusminik ezta beldur handirik ere.



Gernikako zenbakiak.Astelehenean Boulevard-eko goiz albistegian, Gernikako Estatutua gogora ekarrita, «fue ratificado por el 90% de los electores» esan zuten. Pentsatzen jarrita, bada alderik horrela hutsean ematea, edo aldi berean esatea zentsuan zeuden herritarretatik %58,8k eman zutela boza. Ohetik jaiki berri den entzuleak interpretazio bat edo bestea egin baitezake.

Desafioari eutsi.Joseba Egibarrek ezker abertzaleko jendea elkarrizketatzera gonbidatzen ditu EITBko kazetariak, aukera duen oro. Atzo politikarien tertulian, urrunago joan zen REn, zera adieraziz: EITBn zenbait kazetarik nahi bai baina ezin omen dute, EITBren kontsignak debekatzen dielako. Besteetan ez bezala, Almudena Cachok erantzun egin zion Egibarri: ez omen zuen uste debeku hori dagoenik. Egibarrek, orduan, desafioa bota zion: egin zezala proba. Baietz, egingo zuela saioa erantzun zion Cachok. Bada, Egibar eta entzuleok Cachoren gestioen berri jakiteko irrikan geratzen gara.



Kazetari askea.Cachok, nonbait, askatasun osoa duela nor elkarrizketatu nor ez erabakitzeko adierazi nahi izan zigun atzo. Egia bada hori, bai kazetari sen kaskarra behar duela izan emakumea! Izan ere, ez du zentzurik orain arte ezker abertzaleko inor gonbidatu ez izanak, ia beste hizpiderik ez baitu euskal politikagintzak. Atzo, esaterako, hari buruzko monografikoa planteatu zien politikarei, beste behin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.