KOMUNIKAZIOA. Google TVk akordioak egin ditu Twitter, YouTube eta CNNrekin

Androida duten sakelako telefonoak telekomando gisa erabiliko dira telebistan nabigatzeko

urtzi urkizu
Donostia
2010eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Google TV, Internet telebistara eramango duen proiektua, aurrerapausoak ematen ari da, merkatura irten aurretik. Zerbitzua nolakoa izango den iragarri dute webgune baten bitartez: www.google.com/tv.

Sony eta Logitech fabrikatzaileak ere hasiak dira erakusten euren markako telebistetan nola erantsiko duten Google TV zerbitzua. Eta Googlek sektoreko kate eta enpresa garrantzitsuekin akordioak egin ditu, haien edukiak telebistan erabilgarri egiteko. Akordio horietako bat aste honetan iragarri du Twitter sare sozialak. Hala, sareko mezu laburrak jaso eta bidali ahalko dira telebista aparatuan. Lehendik ere, Twitter erabil zitekeen Interneteko konexioa duten HDko telebista berrietan. Apple TVren bidez ere erabil daiteke.

Google TVren akordioen artean daude, halaber, HBO, CNN eta NBC Universal telebista kateekin egindakoak. Baita Turner Broadcastingekin egindakoa ere (TBS, TNT eta kable bidezko beste kate batzuen jabea da).

Telebista bidez musika entzun ahalko da Google TVn, Vevo, Pandora eta Napster bitartez. Eta bideoak ikusi, Blip.tv eta YouTuberekin egindako akordioei esker.

Logitech enpresak iragarri du telekomando berezi bat sortzen ari dela, bilaketak telebistan egiteko. Dena den, Google TV izango duten telebistetan, Android duten sakelako telefonoak edo iPhoneak erabili ahalko dira telekomando modura.

Hilaren 12an, Sonyk progra-ma duten telebistak aurkeztuko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.