KOMUNIKAZIOA. Herri jasotzailea

gorka julio
2010eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Izen hori jarri diote ZuZeu.com-eko albistari digitalean Iñaki Perurenari. Hark Bilbovisioneko elkarrizketatzaile batekin izandako eztabaida bat erakusten duen bideo batengatik. Zuzeu.com-eko editoreek ezagutarazi, eta YouTuben ia 200.000 bisita izan ditu bideoak. Baina nola da posible bideo bat ordu gutxitan YouTubeko orri nagusian gehien ikusitakoen artean egotea? Mota honetako fenomenoak ulertzen saiatuko gara.

Lehenik eta behin, edukiak interesgarria izan behar du. Kasu honetan, bideoak interesa piztu behar du, ez du luzeegia izan behar eta besteei ezagutarazteko gogoa sortu behar du. Ikusten, «hau ikusi duzu?» eta gisako esaldiak ateratzen ez bazaizkizu eduki horrek ez du balioko.

Edukia hainbat kanaletan zabaldu eta erreferentzia egin behar zaio. Internetek ez du mundu fisikoaren mugarik, bitak nahi adina errepika daitezke, eta, horregatik, informazioa hainbat lekutan zabaltzen bada hobe. Batez ere, jendeak ere hainbat lekutatik ere jasoko duelako mezua. Interneteko sare sozialak, blogak, Interneteko zerbitzuak eta posta elektronikoa mezua garraiatzeko erabili. Bideo honekin 250 twitter mezu baino gehiago izan dira, baita blogetan 60 erreferentzia inguru ere, adibidez.

Pertsonek mezua zabaltzen dutela erakustea garrantzitsua da. Hau da, beste batzuek ere mezua jaso eta zabaltzea erabaki dutela ikusarazi behar da. Horretan oso ondo ibili dira Zuzeu.com-eko editoreak. Une bakoitzean bideoak izandako bisita kopuruari eta aipamenei erreparatuz, eta horiek nabarmenduz. Erreferentzia horietan pertsona garrantzitsuak egotea ere interesgarria izan daiteke, erabakigarria ez bada ere. Kasu honetan, El País-eko Gumersindo Lafuente kazetari ezagunaren erreferentzia kasu.

Baina, nahiz eta hori guztia kontuan hartu, edukia interesgarria izan, mezua hainbat kanaletatik zabaldu, mezua zabaltzen ari den jendea nabarmendu eta abar. Mezuak masa kritiko bat lortzen ez badu, mezua ez da biral bilakatuko. Hau da, ez da epidemia baten tankeran zabalduko. Nahiz eta bultzada emateko prest dagoen jende talde bat egon, jendeak mezua garraiatzea erabakitzen ez badu, mezua ez da gehiegi zabalduko. Hori bai, masa kritiko hori lortzen badu, mezua bakarrik zabalduko da. Sarean hori lortzeko tresnak badaude, masa kritiko hori lortzea da zailena. berriketan.info/teketen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.