Antonio Salasen El Palestino azken liburuko hitzaurreak esapide arabiarra dakarkigu: «Hobe da gaurko aurrautza biharko oiloa baino». Atsotitz txinatarrak, ostera: «Eman arraina gizaki bati, eta egun bateko gosea kenduko diozu; erakutsi arrantzan, eta bizitza osoan jateko aukera izango du».
Diario de un skin eta El año que trafiqué con mujeres liburu entzutetsuen egileak lehena aukeratu du. Ez soilik lanerako, ezpada bizimodu gisa. Orain ere, ez digu ibilbide bat eskaini, helburu onargarria duen tesi hausnartua. Testuinguruak eskainitako eztanda txikia baizik.
Txikia, batez ere, izan duen eraginagatik. Asteazken gauerdian eman baitzuen Antena3 kateak ezkutuan bizi den kazetariaren El Palestino: Historia de un infiltrado dokumentala. Salasek haren hitzetan frogatzen dituenak frogatu izan balitu, emanaldiaren ordutegia ez litzateke hain bazterrekoa, esaterako.
Testuingurua eta eztanda, nagusiki, Venezuelari lotuak daude. Nola saioa iragartzeko, hala ordubeteko emankizunari tentsioa eransteko, bide perfektua. Azken atxilotuetako bik inkomunikazio aldian egindako aitorpenak frogatzen omen ditu Salasen lanak: ETA eta FARC erakundeen arteko lotura, izen-abizen eta guzti. Arturo Cubillas jartzen du miran. Haren lehen irudia, inork urte askoan lortu ez duena, grabatzen aurrena izan omen da.
Gaurko arrautzaren jabea bere zilborrera begira bizi baita. Ni, ni, gero ni, eta azkenik ni. Bizi izan dituen arriskuak, emaitzaren alde atzean utzitako dena, lortutako esklusibak, horretarako sortutako koartada perfektuak... Oiloaren jabea baita ongia, gainontzeko guztiak gaiztoak.
Gaiztoen ibilbidea mapamundian marrazten du ordubeteko emankizunaren amaieran. «Arabieraz ikasi, islamista bihurtu eta nortasun berria» sortu zuenak munduko terrorista taldeak lotu ditu, Venezuelan, Espainian, Palestinan, Euskal Herrian... Munduan gehien bilatutako gaizkileen lagun oso ona egin omen da, arriskuak arrisku. Baina ez ditu froga sinesgarriz salatu, behar den lekuan eta garaian. Zergatik?
Gaurko oiloa bere izena -aurpegia ezkutuan mantendu behar baitu- gizentzen saiatu delako. Horretarako, adibidez, hiruko erregela famatua darabil: aztertzen dituen gaizkile horietako asko islamiarrak dira; aurki, munduan eliza baino mezkita gehiago izango da. Badakizue emaitza, ezta?
KOMUNIKAZIOA. Hiruko erregela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu