Sahara. Angeles Barcelo (Hora 25 irratsaioko zuzendaria), Nicolas Castellano eta Angel Cabrera atxilotu eta kanporatu egin zituen Marokok herenegun. Bada, ikustekoa da Ser irrati kateko albistegi eta tertuliak -sozialismoaren aliatu zintzoak normalki- nola ari diren larrutzen Zapateroren epelkeria. Hori bai, sekuentzia beti bertsua da, hierarkikoa forman, korporatibista mamian: hiru lankide heroiak adierazpen askatasunaren aldareetara altxatu, Sahararekiko errepresioa salatu eta gobernua egurtu. Euskal gizartearen zati baten zapalketa eta horrekin loturiko sentimendu nazionalista espainiarra aparte utzita, Sahararen aldeko kausa izango da gai bakana bateko eta besteko eskifaia mediatikoak batzen dituena Espainian.
Bozkarioa.Ikustekoa da nolako bozkarioa bizi duten egunotan Radio Euskadin Brian Currini elkarrizketa egin diotela eta; kazetaritzan lurperatua behar lukeen esklusiba hitz iruzurtia ere aipatzera ausartu dira. Kontua da atzo arte nahiko ahaztuta eduki dutela nazioarteko bitartekari hau; Pastorrek ez ezik horiek ere Currin aparteko zer esanik ez duen pertsonatzat eduki dutela. Bejondeiela. Betoaren politika informatiboaren gerrikoa lasaitzen ari diren zantzuak agertzen ari dira Radio Euskadin azken asteetan.
Urteurrenean.Ikustekoa da zenbat kosta zaien ETBko langileei haserrea kaleratzea, barneko zentsura salatzeko. REko tertuliakide ohi Juan Carlos Viloriak, orain ETBko politika buru denak, bere iritzia ezarri nahi izan omen zuen albistegian, nonbait, Gernikako estatutuaren 26. urteurrenaren harira. Badirudi atzo arte gauzak objektibotasunez informatzeko askatasun osoa bizitu dela ETBn, eta oraintsukoak direla inposizioak. Justu urtebete atzera bagoaz, han egingo dugu topo, modu ezin zakarragoan, zuzendaritzak aniztasuna ulertzeko erarekin. Konstituzionalismoa orgia batean jartzeko gaua eskaini zuten: Xabier Elorriagak aurkeztuta etxekoek egindako Gernikako Arbolaren gerizpean dokumentala bota ostean, Amaia Urkiak gidatutako debatea heldu zen. Solaskideak: Charo Zarzalejos, Luis R. Aizpeolea, German Yanke, Migel Larrea eta Eugenio Ibarzabal. Agian ez zen inposiziorik behar izan, agian ETBko zenbait langileren konplizitatearekin prestatu zen gaua. Pankartarekin kaleratzeko arrazoiek, ordea, joan den astekoek baino sendoago ziruditen.
KOMUNIKAZIOA. Ikustekoa da...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu