Kar-kar. Ikaragarria. Nola da posible? Nik kritika ikusi dut; haiek lausengua. Ni erotu naiz? Haiek? Gidoigileak? Denok? Beharbada, mintzaira da erruduna. Ala kodea. Gorrotagarritasunaren barruan marrazki bizidunek sortzen duten sinpatia, bestela. Nahia bera ere izan liteke. Eta interesa. Eta jarrera balitz horiek guztiak baldintzatzen dituena? Bereziki, aldez aurreko jarrera da.
Aspalditik, aspaldian, Eliza katolikoa eskandalu hitzaren zama gainetik kendu ezinik bizi da. Normalean, draman oinarritzen da, kanpotik datorkio, eta ezkutuan mantentzen saiatzen da. Oraingoan, komikoa dirudi, barruan sortu dute, eta hedabideetan zabaldu. Barregarriak ere, eskandalua dirudi.
Nor, nori, nork: seme-alabak The Simpsons telesaioa ikustera bultzatzeko deia, guraso fededunei -jakina da zein fedez ari den-, Francesco Ochetta izeneko apaizak. Aldarria egiteko, La Civilta Cattolica aldizkari jesuita aukeratu du. Tesiaren aztergaia mundu osoan ezagunak diren marrazki bizidunen 16. denboraldiko 21. kapitulua da, Aita, semea eta santu gonbidatua. Bart Springfield hiriko institututik egotzi dutenez, Homer eta Margek ikastetxe katoliko batera eraman dute. Mojek ikasleak jotzen dituzte erregelaz, ikasleak zigortzen dituzte, belaunikatu eta Bibliak eskuak gurutzatuz eustera. Hala ere, Bartek katoliko bihurtzeko arrazoia aurkitu du: santu famatuenen abenturak kontatzen dituen komikia, Sean apaizak emana. Otoitza eta errosarioa. Homer, arduratuta, egoera aldatzen saiatuko da. Opiltxoak eta bingo saioak eramango dute bera ere bide zuzenera. Hallelujah! Berbideratzea da Ochettaren abiapuntua. Vatikanoko bozgorailu L'Osservatore Romano kazetako buruak konbentzitu ditu, eta munduari jakinarazi.
Kapitulu horren hariaren esanahiaz gain, Ned, Todd eta Rod Flanders eta Lovejoy agurgarriak oroitu ditut. Zein zimenduren gainean sortuak izan diren. Igandeko mezatik libratuta Homer zoriontsu zenekoa, inkisizioa irudikatzen zuena...
Kar-kar. Ikaragarria. Posible da. Nik kritika ikusi dut; haiek lausengua. Ni erotu naiz, haiekin batera. Gidoigileen erruz, noski. Bakoitzak nahi duen geruzan geratzeko eskubidea du. Baita gaitasuna ere. The Simpsons-en oinarria satira omen. Aldez aurreko jarreraren arabera, nola ez. Ai, Matt Groening, zer izan nahi zenuen eta zer zaren...
KOMUNIKAZIOA. Jarrera fededuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu