KOMUNIKAZIOA. Mendiko gaitza

Jokin Labaien.
2010eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Goizaldeko ordu bata arte itxaron behar izan genuen zer gertatu zen jakiteko. Igoko ote zuten Aconcagua ezaguna. Zeintzuek, eta nola. Nolakoa ote igoera halakoetara ohituak ez daudenentzat. Ez dira zalantza gutxi, batez ere, bi ordu eta erdi saioa eztabadaida antzuetan xahutzeko. Horregatik sentitu nuen halako logalea atzo goizean. Ajea igande gauak eman zidan, ez larunbatekoak. Ez dakit bakarra ote naizen.

ETB2ko El Conquistador del Aconcagua saioak zortzi protagonista izan ditu. Mendiak jarriko du bakoitza bere lekuan leloa goiburu, hainbat astez jarraitu diegu Iker, Nagore, Angel, Lourdes, Azucena eta Natxo lehiakideei, Juanito gidariari eta Julian aurkezleari. Igandeko azken saioan, denak izan ziren platoan. Baina zuzeneko emanaldian, denek ez zuten aldarte bera erakutsi. Lehen minutuetako irribarreak irribarre, etsita eta nekatuta ageri ziren batzuk; zoriontsu besteak. Zorionaren jabeak mendiari esker sentitzen ziren hala. Gainontzekoei ulertu nienez, mendiko gaitzaz haragoko faktoreek mintzen zituzten. Eta ni ere, faktore horiek aspertu ninduten.

Goizaldeko bostetan hasi eta hamabiak laurden gutxian amaitu zen azken igoerak tarte eskasa izan baitzuen igandeko zuzenekoan. Ohiko formatua alboratu, eta kontakizuna eta eztabaida batu egin zituzten. Eta mendiak mendi izateari utzi zion, nork burua justifikatzen zuen bitartean. Luzeegi egin zitzaidan. Mendia espero nuen, mendizaleak, igoera, ahaleginaren irudiak... Inozoa ni, reality show-aren menpe. Formatua nahierara jokatzeko abiapuntua izan baitzen, berriz ere. Ditxosozko kontratua irakurri banu, jakingo nuke hori. Lehiaketak, baina, lehiakideak bigarren mailako pertsonaia bihurtu zituen. Azken bi saioetan, adibidez, aurkezleari so jarri gintuen. Arreta eta minutuak aurkezlearen sufrimenduari eta borroka pertsonalari eman zizkion. Kontakizunean gehiago ageri zen Julian aurkezlea, Iker eta Azucena gailurrera iristea lortu zuten lehiakideak baino.

Bai abenturako eta bai platoko eztabaidetan, desadostasun uneetan, aldeetako batean Julian ageri zen beti, maila pertsonalean zein saioaren ordezkari gisa. Nago, zeharka bada ere, horrek etsi eta nekatu dituela batzuk. Ni ere bai. Pentsa, azkenean niri ere eragin zidan mendiko gaitzak sofan eserita, mantaren azpian eta zigarreta eskuan, goizaldeko ordu batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.