KOMUNIKAZIOA. Murphyren legea

Jokin Labaien.
2010eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Horiek birrintzaileak dira, suntsitzaileak... horregatik irauten duten hain denbora gutxi haien lanpostuetan», esan zidan lagunak. Eraikitzeko guneetan bizi gara. Eraikitzeko garaietan. Lehen eta orain. Aldaketen aldaketei buruz ari naiz bai. Aldaketak zergatik? Aldaketak zertarako? Aldaketak nola? Aldaketek, kasu honetan, bi norabide izan ditzakete: sortu nahi dena bideratzea ala deuseztu nahi dena ezabatzea. Kantaren izenburuak zioen gisa, ezer ez da betiko. Eta sortu nahi dena bideratzetik deuseztatu nahi dena ezabatzera aldea dago. Are gehiago, heldu daitezkeen horiei lana zailtzea ere begiz jotzen bada.

Izan ere, Patxi Lopez lehendakari denetik da Alberto Surio EITBko zuzendari nagusia. Eta geroztik, ETBko albistegietako Politika saileko arduradun kargua dantzan ari da. Miren Josu Arrazolarekin egiten zuen urrira arte; otsailetik duela gutxira arte Ricardo Oleagarekin; aurrerantzean, berriz, Juan Carlos Viloria izango du dantza-lagun.

Nor den? Garai batean, El Correo-ren berriemaile politikoa; Vocento taldeko iritzi zuzendaria eta koordinatzaile editoriala; Tele5en, RTVEn, Cuatron, Radio Euskadin eta ETB2n iritzi emaile eta Ermuko Foroko jardunaldietan parte hartzaile izana. Ados, ez da justua pertsona bat hala definitzea. Baina haren curriculima ez dut hura definitzeko erabili nahi, ezpada aurrerantzean ETBko Politika sailak eman ditzakeen urratsak iradokitzeko.

Zaila zirudiena ekarri ziguten aldaketen aldaketek. Tamalez, egun, ETB1 eta ETB2ren artean gero eta alde txikiagoa dago, batez ere, Politika sailean hartzen diren erabakietan. Gaitzerdi, ETB2 hurbildu balitz ETB1en gerizpera. Ez da hala, eta badirudi ez dela hala izango. Hori izan da aldaketen aldaketaren ondorioetako bat.

Iritzi emaile izateko, urtetan, Madrileko kateetatik deitu badute ez da kasualitatez izango. El Correo-ren berriemaile politikoa eta Vocento taldeko zuzendaria eta koordinatzaile editoriala ez da inor kasualitatez izaten. Eta hedabide horien guztien ildoa eta ETBk behar lukeena urruti samar daude nire irudiko. Lehen eta orain. Eta, seguru asko, baita etorkizunean ere.

Ikusiko da luze irauten ote duen, birrintzailea ote den, sorkuntzari bide eman nahi ote dion, Murphyren legea betetzen ote den, okerragoa den, asetzen gaituen, asetzen dituen, berdin zaigun ETB1 ala ETB2 hautatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.