Albistegiak eta gaurkotasun politikoa jorratzen dituzten saioak indartu eta zabaldu nahi dituzte datorren sasoian. Urtzi Urrutikoetxeak egunero 21:00etan aurkezten duen Bat & Bat magazine-albistegia Bilbo eta eskualdean abiatu zuten, informazioa bertatik bertara eta sakon emateko. Ondoren, Gipuzkoara zabaldu zuten eremua. «Orain bi eskualdeak hartuko dituen saioa egingo dugu, albistegi nazionala egiteko bidean», azaldu du Naroa Iturrik, Donostiako Hamaika telebistako zuzendariak.
Esatea Libre eztabaida saioa aurkezten du Iturrik, asteazkenetan. Kazetariak biltzen dituzte saioan, politikari, ekonomiari eta gaurkotasunari loturiko bestelako gaien inguruan eztabaidatzeko. Orain, berriz, gaurkotasun politikoan jarriko dute arreta, eta Iturrik agindu du iritziemaileetan aniztasuna areagotuko dutela. «Beste hedabideetan entzuten ez diren iritziak eramango ditugu saiora».
Nesken futbola
Athleticen inguruko Harrobia saioa egiten jarraituko dute, eta Realari buruzko Hamaikakoa Gipuzkoa osora zabaldu nahi dute. B mailako taldeen berriak ere emango dituzte, eta ez dira mutilen futbolaz bakarrik jardungo, neskena ere landuko dute. Horrez gain, haurrentzako programazioa lantzen hasiko dira, ipuin kontalarien bitartez.
Berrikuntzak
Bat eta Bat. Bizkaian ematen hasi ziren albistegia, eta gero Gipuzkoara zabaldu zuten. Orain albistegi nazional bihurtu nahi dute.Esatea Libre. Gaurkotasun politikoan zentratuko dute saioa.
Haurren programazioa. Umeentzako saioak sortzen hasiko dira.
Bertsolaritza. Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren jarraipena egingo dute; etorkizunean, bertsolaritzari buruzko saio bat egingo dute.
Hamaikakoa. Elkarrizketak egingo dituzte futbolari buruz.