Apustu handia egin du denboraldi honetan Radio Euskadik. iTunes plataforman kokatzea du xede irratiak, teknologia berriek ekarri dituzten kontsumitzeko aldeketen jakitun.
Irailetik aitzina, La jungla sonora, La mecánica del caracol, La casa de la palabra, Levando anclas, Consumidores, Konekta 2.0 eta Antes de mirar, cruzar saioak entzun daitezke Apple etxearen musika erreproduzitzailearen bitartez. iPhone, iPod eta eskuko telefonoetan saioak entzuteko aukera ematen du horrek. Modu horretan, entzuleek nahi duten tokian eta unean entzun ditzakete aipatutako irratsaioak.
Joseba Arruti Radio Euskadiko zuzendariak argi du teknologia berrien bultzada aprobetxatu beharra dagoela komunikabideetan. «Irratia entzuteko modua aldatzen ari da azkeneko urteotan, eta geroz eta gehiago jendeak irratia nahi duenean entzuten du. iTunes plataforma da irrati entzuleek gehien erabiltzen dutena, eta Radio Euskadik hor egon behar zuela argi geneukan».
Haatik, iTunes plataforman ez dituzte jarriko Radio Euskadiko eduki guztiak. www.eitb.com ataria babestearren, eduki informatiboko saioak webgunean soilik izango dira entzungai. Beraz, Boulevard saio osoa eta egiten dituzten elkarrizketak ez dira entzun ahal izango iTunesen bidez. Boulevard saio barruan dagoen atal bat, Antes de mirar, cruzar atala, ordea, plataforman jartzea erabaki dute, Alkain eta Gabilondoren saioak gazteengan sortzen duen eragina dela eta.
Izan ere, gazteengana hurbiltzea da egitasmoaren helburu nagusia. Joseba Arrutiren aburuz, haiengana iristeko, ezinbesteko tresna da iTunes. «Irratiko entzulea zahartzen ari den ustea dut. Entzuleak gaztetu beharra ditugu, gazteengana jo behar dugu, eta iTunes da, inolako zalantzarik gabe, horretarako bitarteko egokia. iTunes erabiltzeko, nahiko da iPhone edo iPod bat edukitzea; ez duzu zertan ordenagailua eta Internet eskura eduki».
Komunikabide indartsuenen adibideari jarraitu diote Radio Euskadin. Egun, RTVE, Cadena Ser, Cope eta Catalunta Radio irratiak iTunes plataforma erabiltzen dute.
La jungla sonora saioa izan zen plataforman jarri zuten lehenengoa, modu esperimentalean. Irailean jarri zituzten egun jadanik iTunesen entzun daitezkeen gainontzeko saioak.
Radio Euskadi ez da bere kabuz abiatu iTuneseko proiektuan.www.eitb.com atariarekin elkarlanean eginiko egitasmo bat da. EITBko gainontzeko hedabideak iTunesen kokatzea da azken helburua, behin Radio Euskadi iTunesen sendotutakoan. Euskadi Irratia eta Radio Vitoria izango dira iTunesen kokatzen hurrengoak. Urte amaierarako edo hurrengo urterako espero du Arrutik irrati horiek plataforman egotea.
iTunesek beste abaintaila bat ematen du: entzuleak publizitaterik ez du jasango. «Alde horretatik, oso bitarteko garbia da; kontsumitzailea edukiarekin harremanetan jartzen du, era zuzenean», adierazi du Arrutik.
Entzuleek egitasmoari nola erantzun dioten daturik ez dutela esan du Arrutik. Hala ere, «pertzepzio» onak ditu Gabilondo eta Alkainen saioari buruz. La jungla sonora eta Levando anclas Radio Euskadiko saio klasikoek iTunesen «merkatu naturalak» dituztela dio.
Saioak egunean bertan jartzen dituzte, jendeak ahalik eta azkarren entzun ahal izateko. «Ahalik eta kalitate handieneko» zerbitzua ematea da Radio Euskadiko zuzendariaren helburua.
KOMUNIKAZIOA. Radio Euskadi iTunesen kokatzeko egitasmoa martxan da dagoeneko
Hainbat saio entzungai daude jada, eta etorkizunean EITBko beste hedabideak ere izango dira iTunesen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu