KOMUNIKAZIOA. Sandaliak ala txankletak?

Jokin Labaien.
2010eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Lehen aldiz pantailan ikusi nuenean, jakizu nongo kobazulo baten barrenera iritsi nahi zuen. Kameralariak, atzean, linterna bat eskuetan egiten zion aurre iluntasunari. Bidean, saguzarrak, saguak-eta agertu omen zitezkeen arren,animalien erreinuko bestelako piztiak agertu ziren. Ez ninduen bereziki harritu abenturak. Bai, ordea, haren janzkerak: bisera atzerantz, kamiseta zuri nasaia, praka motzak, galtzerdi luzeak eta Crocs markako erdi sandalia erdi txankleta horiek.

Hurrena, krokodilo bila ari zen mundutik urrundutako oihan galduren batean. Ur geldo eta zikinetan gerriraino sartuta, animalia arriskutsuaren ohiturei buruz mintzo zen. Bat-batean, bat ikusi eta buruz egin zuen metroko jauzia. Uretan murgildu eta azaleratu zenerako, besoa zauriz eta odolez josia zuen. Tinko eusten zion krokodiloari, metro erdiko krokodilo hari. Zer espero genuen, bi metro t' erdikoa? Akaso, ahaztu egin zitzaigun Crocodile Dundee filmekoa aktorea zela. Deigarria egin zitzaidan, eta nor den jakin izan nuen.

Erdi sandalia erdi txankleta haien jabea Frank Cuesta da, Leonen jaio eta Thailandian bizitzen hamabi urte daramatzan teniszale eta animaliazalea. Arriskuan eta merkatu ilegaletan dauden animalia basatiak salbatzen egiten du lan. Hori dela eta, Cuatro katearen eskariz, Frank de la jungla izeneko saioa aurkeztu du azken asteotan. Azken saioa datorren igande gauean izango da.

Haren soslaia eta bi atal horiek ezagututa, zalantzak izan nituen. Ez nuen asmatzen jakin, gehiago zuen manta-arraiak hildako australiar abenturazale ezagunetik ala etxeko egongela munduko lekurik arriskutsuena bihur dezaketen horietatik. Azken horren adibide gehitxo dugu bakarra izendatzeko.

Eta pitoi batek kiribildu zuenean hasi nintzen zalantzak uxatzen. Ia ito zuen hurrengo batean. Elkarrizketa batean irakurri nion, ez zela hainbesterako izan, nahiz eta bera eta ikus-entzule guztiak izutu. Ez da gutxi.

Baina hurrena, iragan igandean, oihanean barneratu zen tigre basati baten bila. Ohartzerako, lurrean etzan zen, piztia inguruan omen zuela. Omen, diot, ez baitzen animalia ikusi, belarrari so zen kameratik. Orroak baino ez. Eta berriz zalantzan. Argi da, jakin ezin horrek ikusleak ematen dizkiola, arrakastatsu baitabil. Horrek, eta bere lotsagabekeriak, hitz gogorrek, laguntzaileak tratatzeko modu eskasak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.