KOMUNIKAZIOA. Tontorretik so

Jokin Labaien.
2010eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Ez da erraza interesgarria zer den eta zer ez den esatea. Hitz gutxitan definitzea. Zuri eta niri, ziur naiz, gauza desberdinek emango digute atentzioa. Astelehen gauez telebistaren aurrean izanda ere, akaso, emanaldi desberdinak aukeratu genituen. Nik ez nuen ausaz egin aukeraketa hori. Bazkalosterako, banekien jakin, zer ikusi nahi nuen. Horretarako, aurrez eman zituztenak amaitu arte itxaron behar izan banuen ere.

Pou anaiak, Iker eta Eneko, gonbidatu zituzten ETB1eko Zeu kirolari saiora. Iragan udan, autokarabana eta ohiko ilusioa lagun, Alpeetan izan dira. Hiru bide gogor kateatu dituzte: Italiako Panaroma eta Solo per vechi guierrieri eta Suitzako Zahir.

Ez naiz eskaladan aditua. Egia esate aldera, maila bereko jakintza dut eskaladan eta ingeniaritza nuklearrean: hutsa. Dena den, gutxi kosta zitzaidan Italiako eta Suitzako harrizko horma horien zaitasunaz jabetzea. Nekea, ahalegina, bertigoa, adrenalina, sufrimendua eta bestelako sentipen ugari izan nituen irudiei so. Sofatik altxatu gabe, ia izerditan blai, plazera ere sentitu nuen neure burua tontor haietan irudikatuz. Inbidia pitin bat gertu izan nuen...

Eta biharamunean, haien curriculumari gainbegiratu bat emanaz, gure hedabideen funtzioaz hausnartu nuen labur-labur. Zenbat ote dira, munduan zehar zein gurean, etengabe lorpen ezohikoak izaten ari direnak? Horietako zenbat ikusi ohi ditugu, Adibidez, pantailaren aurrean? zenbat denboraz?

Susmoa dut, denok dakigu zein -ismo-ren eraginez, gure telebistek ere gainontzekoen berdinak izan nahi dutela. Logikoa da, hein batean (ditxosozko ikus-entzuleak eta haien izenean asmatutako aitzakia guztiak!). Baina asteak zazpi egun dauzka, eta egunak ordu gehiegi gainontzekoak imitatzen aritzeko. Euskal Herrian badauzkagu alor anitzetako nahiko bereizgarri, bi hankadun izan zein ez izan, haiei buruz jarduteko. Aipatu alor anitz horietan guztietan, munduari begira bizi gara, tamalez. Eta gureak, mundua jan ondoren gure izaeraren ikur bilakatu ohi ditugunak, oharkabean joaten uzten ditugu. Eta, berriz diot, telebistak ordu asko, gehiegi, dauzka guztientzat. Bestela, ingurura begiratu hutsarekin geure buruaz gutxiegi dakigula ohartuko gara. Tontorretik begira, interesa auzoan izango dugu beti, besteei bezala, curriculuma etengabe gizenduz doakigun arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.