KOMUNIKAZIOA. Zinema jatorrizko bertsioan emango dute gaurtik aurrera ETB3n

'Zinemateka' saioan ostegunero film bat emango dute, eta ondoren mahai-ingurua izango da adituekin

urtzi urkizu
Donostia
2010eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Zinemazale askok eskatu izan dutena jarriko du gaur martxan ETB3 kateak: filmak jatorrizko bertsioan ematea, euskarazko azpidatziekin. Zinemateka izeneko saioan ikusi ahalko dira filmak jatorrizko soinuarekin, ostegunero, 22:30ean. Hamahiru asterako egitaraua prestatu dute jada ETBko hirugarren katean, eta zerrendan badaude kalitate handiko film batzuk.

Hasteko, gaur Russ Meyer zuzendariaren Faster Pussycat, Kill, Kill (1965) filma emango dute. Kultuzko filma da, pop kulturari erreferentzia egiten diona, sexu eta indarkeria eszena gordinez betea. Russ Meyerren filmak eragin argia izan dute John Waters eta Quentin Tarantinoren zinemagintzan.

Datozen asteetan ikusi ahalko diren lan gehienak ingelesez izango dira. Baina badira salbuespenak: Ilmar Raag zuzendariaren Klass lana (2007) Estoniakoa da, eta estonieraz da jatorrizko bertsioa. Leo Caraxen Mauvais sang (1986) frantsesez dastatuko du ikusleak. Zerrendan daude Neil Jordanen Mona Lisa (1986), Michael Winterbottomen Code 46 (2003) eta Jim Jarmuschen Dead Man (1995).

Eztabaida eta film laburrak

Filmaren emanaldia amaitzerakoan, ostegunero mahai-inguru bat egingo dute ikusitako filmaz hitz egiteko. Amaia Cayero izango da aurkezlea, eta astero aldatuko dituzte gonbidatuak. Zinema munduarekin harreman zuzena duten lagunak eta zinema zaletasun moduan dutenak gonbidatuko dituzte. Gaur Irene Ormazabal, Danel Eizagirre eta Iban del Campo izango dira solasean. Amaitzeko, del Camporen Dirty Martini film laburra emango dute. Izan ere, programa amaitzeko, astero, Euskal Herriko film labur bat izango da ikusgai.

Bestalde, ikus-entzuleen iritziak eta galderak jasoko dituzte saioaren Facebook eta Twiterreko kontuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.