Albisteak zuzenean eman nahi dituzte gaur egun telebista kateek. Koska bat gorago jartzen ditu horrek. Batzuetan, egitura moldatu beharra eskatzen du. Beste gauzak sakrifikatzea. Pentsatu eta egin, esan ez arren. Aldian behin, nabarmenegi geratzea ere badakar. Astearte gauean, adibidez, CNN katean.
Eguneko 24 orduak albisteei eskaintzen dizkiete kate horretan. Albisteak jaso, landu eta eman. Gau eta egun. Noski, albisteak eta erreportajeak errepikatu egiten dituzte, halabeharrez. Ez die baliorik kentzen. Baina telebistaz mila milioi pertsonak ikusi omen duten albisteari zerbait gehiago erantsi behar zaio.
Gurean goizaldeko ordu bata eta erdiak zirenerako, salbamendu taldeek martxa ezin hobea zeramaten Txileko San Jose meategian. Hogeita hamahiru meatzarietatik asko onik ziren, ospitalera bidean, CNN katearekin topo egin nuenerako. Txileko kaleetan izandako oihartzunaren berri ematen ari ziren. Jarraian, platora itzuli eta argi naturala ikusten hurrena nor izango zen adierazi zuen aurkezleak. Orduan jakin nuen nor den Franklin Lobos: futbolari profesional ohia, Ivan Zamorano jokalari ohi ezagunarekin Cobresal taldean aritua. «Txilera joko dugu, zuzenean, Frankin Lobos lur azalera nola iristen den ikusteko». Ez zen ageri, ordea, eta konexioa luzatzen ari zen. Irudia, beste behin, platora itzuli eta gai berari lotutako beste erreportaje bat aurkeztu ziguten. Betiere, Lobos azaleratzen zuzenean ikusteko aukera izango genuela promes eginda. Baina hurrengoan ere ezin. Eta hirugarrenerako, aurkezleak emandako hitza betetzeko baitago, han agertu zen jokalari ohia, alabak eta Txileko lehendakariak besarkatuta. Hainbat jokalari ezagunek sinatutako baloia jaso zuen opari, eta segundo pare batez hankekin ere eman zion erregaluari.
Paradoxikoa dirudi. Ordu batzuk lehenago guztiontzat ezezaguna zen gizon hark CNN katearen albistegiko hamabost minutu bereganatu zituen. Hark baino gehiago, haren irudiak. Lur azalaren gainean bi oinak jarri zituen uneak. Aurreko egunetan adierazi zutenez, une haietan ez zen kazetaririk izango. Familiako kideak, salbamendu taldea eta medikuak soilik. Ez zen hala izan. Horregatik izango da, akaso, film baterako gidoia ere prest dutela dagoeneko. Antena3 kateak egin dio eskaria bertako ekoiztetxe bati. Zuzenean, noski.
KOMUNIKAZIOA. Zuzenekoen ajeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu