Ezohiko norabidea hartuko du ZuZeu albistariak Durangoko Azokan: Internetetik paperera egingo du jauzi. 122 orrialdeko aldizkari berezi bat prestatu dute, gai eta kolore ugariz osatua. 1.500 ale jarriko dituzte salgai. Eta distribuzio sarerik martxan jartzeko ahalmenik ez dutenez, soilik azokan erosi ahalko da. Hain zuzen, Susa, Alberdania eta Pamiela argitaletxeen postuetan, eta hiru euroan egongo da salgai.
Aldizkariak bilduko dituen edukien artean, garrantzitsuena kazetaritzaren etorkizunari buruzko dosier bat izango da. Interneten euskaraz zer dagoen ere jasoko dute, Gorka Julio, Haritz Rodriguez eta beste aditu batzuren bitartez. Ekonomiaren egoerari buruzkoa izango da beste erreportaje bat. Beñat Sarasolak azken hamarkadako hogei libururen aipamena egingo du; eta kolaborazioen artean, Quim Monzo eta Pedro Ugarte egongo dira. Edukiarinagoak aurkitu ahalko dira. Pausuri buruzko erreportaje bat ere prestatu du Gari Garaialde argazkilariak.
Aldizkariak eredu gisa Frantziako zenbait argitaralpen hartu ditu.
Paperezko produktua egiteko erabakiaren inguruan, ZuZeuko kideek BERRIAri azaldu diote jende askorentzat ez dela albistaria existitzen. «Hori puskatu nahian egingo dugu papereko esperientzia». Hala ere, azkenaldian bideo batek ZuZeuren bidean eragin handia izan du. Iñaki Perurenari Bilbovisionek egindako elkarrizketaren bideoak marka guztiak hautsi ditu. Milaka eta milaka lagunek ezagutu dute ZuZeu bideo horri esker. «Horrenbestez, aldizkariarekin hasieran genuen asmoa apurtu egin du neurri batean Perurenaren bideoak. Genuen gabezia gainditu du bideoak, nahi gabe eta zorionez».
Oraingoz, aldizkari bakarra izango da ZuZeuk argitaratuko duena. «Ikusiko dugu zer harrera duen. Eta ikusiko dugu datorren urtean berriro egitea erabakitzen dugun». Esperientzia oso ongi joanez gero, ez dute baztertzen etorkizunean urtaro bakoitzeko zenbaki bat ateratzea. Baina hasteko diru asko ez gastatzea da ZuZeuko kideen helburua. Erredakzio fisiko finkorik ere ez du ZuZeuk, eta horrek bere zailtasunak eragiten dizkio paperezko ahaleginari.
«Hasteko, ilusioa sortzen digu lehen zenbaki hau egitea», diote ZuZeuko kideek. Aldizkariaren inguruko xehetasun guztiak pixkanaka sareko albistarian erakutsiz joango direla iragarri dute.
KOMUNIKAZIOA. ZuZeuk saretik paperera egingo du jauzi Durangon, azokako egunetan
122 orrialdeko aldizkariaren 1.500 ale jarriko dituzte salgai, jende gehiago sarera eramateko asmoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu