Gabon, Espainia. Gabon, Europa. Arratsalde on, Amerika. Modu horretantxe hasi zen, astelehen gauean, Espainiako presidente izateko lehian ari diren bi hautagaien arteko eztabaida. Hogei telebista katetan eman zuten zuzenean. Kate estatalean, autonomiakoetan, tokikoetan. Italiako, Portugaleko banatan. Agurra, beraz, italieraz, portugesez ere bai. Katalanez hitz erdirik ez, nahiz buruz burukoa Valentziako Canal 9 edota Balearretako IB3 kateetatik ere eskaintzen ari. Eta neronek, nonahikotasuna zer den oraindik usaindu ez duen hilkor honek, TVE katean jarraitu nuen.
Estaldura, hasteko, kiroltasunez egin zen. Txapeldunen ligako finala zirudien hark: hautagaien etorrera eta sarrera —zaleen orro eta bibarik gabe, ordea—, argazkilarien aurreko fotoak, hasteko falta ziren minutuak kronometro batean. Pepa Buenok, bitartean, guztiaren narrazioa eramaten zuen, eta ez dakit marrantak hartzen zion tarteka, edo ohikoa baino gehiago ase zuen egarria. Behin ordua iritsita, eskuineko hautagaia eseri zen pantailaren eskuinean —non, bestela— eta Rubalcaba ezkerrean. Eta hasiera eman zioten debateari.
Tira, debatea esatea askotxo esatea da. Dena adostua zegoen hasi aurretik. Txapeldunen ligako antzezpena hori ere. Bi hautagaien interbentzioen denbora, ordena, esan beharrekoa ia. Mintzagaiak hiru bloke handitan zatitu ziren, bakar batean urtu ziren finean: ekonomian. Ustekaberako tarterik ez, apenas ahots altxatze pare bat, haserretxoak, irain izatera iritsi ez ziren hitz erdi-itsusiren bat —gezurti, eskolako patioan baleude bezala—. Manuel Campo Vidal atera zuten kriogenizaziotik debatea moderatzeko. Alferrik, bukatu gabeko sudokuak eraman izan balitu estudiora probetxu gehiago aterako zion gauari, beste biak kalakan jarraitu zuten bitartean.
Batek: bai, bai, bai. Besteak: ez, ez, ez. Raxoiren programarekin obsesionatua sozialista, aurreanZapatero zuela sinetsita galiziarra. Eta gureaz ez zuten askorik esan, azken unean, ahotsa apalduz, ETAren bukaera kudeatzeko denon batasuna aldarrikatu zuten biek. Hori baino ez. Eta horretarako kendu nizkion bi lo ordu gorputzari. Behintzat, konbentzitu ninduten: ez diot bietako bakar bati ere emango boza. Ezeren soluzio bainoago, arazoaren parte iruditu zitzaizkidalako.
Komunikazioa. Ekografiak
Konbentzitu ninduten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu