Herria inguratzen duten mendiek istorio harrigarriak ezkutatu dituzte menderik mende: zeruan hegaz ibiltzen zen Anbotoko Mari, herriko neskatila gazteak lapurtu eta bortxatzen zituen Barajuengo Jauna, Marixekako Amabirjinaren misterioa... Aramaioko paraje ederrak kondaira askoren lekuko dira. Haiei esker, inguruak berez duen edertasunak xarma berezia lortu du.
Aramaio herri handia da hedaduraz, baina txikia izatez. Bertako ermitek, kobazuloek, parkeek, baserriek, mendi tontorrek eta errekastoek, ordea, ikuskizun aparta eskaintzen diote bisitariari. Ibarra bailararen erdian dago Aramaio. Arnagio mendilerro zein Urkiola parke naturalaz inguraturik. Historikoki artzain lekua izan da eskualdea, baina gaur egun, gutxi batzuek dute artzaintza lanbide. Hala ere, oraindik esne-behien sektoreak pisu handia du udalerrian, eta larreen zabalera ikustea nahikoa da ganadu azienden garrantziaz jabetzeko. Baina, baserriak eraiki eta auzoak sortu ahala, beste ogibide batzuei bidea irekiz joan zaizkie aramaioarrak. Aramaio Araban badago ere, ekonomiari erreparatuta, Gipuzkoarekin lotura handiagoa du. Debagoieneko industria jarduera horren hurbil izateak Aramaioko biztanle asko sektore horretan aritzea lagundu du. Bizkaiarekin, berriz, hizkuntzaren bidez dago lotua Aramaio, hein handi batean. Bizkaiera da herrian darabilten euskalkia.
Aramaioko inguruek hainbat txango egiteko aukera ematen diote bisitariari. Udalerria bederatzi auzok osatzen dute: Aixola, Azkoaga, Barajuen, Etxaguen, Gantzaga, Ibarra, Olaeta, Untzilla eta Uribarri. Denak elkarrekin lotuta daude, eta merezi du itzuli bat ematea. Badago, gainera, monumentu gisa izendatutako eraikinak ikusteko aukera. Azkoaga auzoan dago, esate baterako, Salterri izeneko baserri aparta, 2001ean Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatua. Etxaguen auzoan, berriz, errota zaharberritu dute, eta edozeinek ikusteko moduan dago.
Urte osoan jaiez gozatzeko aukera ematen du Aramaiok. Udalerriko auzoetan antolatzen dituzten jaietan ohiturek eta tradizioek garrantzi handia dute. Sagardogileen eguna, esaterako, jaiegun berezia da, eta San Prudentzio egunaren ondorengo lehen igandean ospatzen dute. Aramaion betidanik egin izan da sagardoa etxeetan, eta ohitura horrek iraun dezan, Txirritola euskara elkarteak urtero antolatzen du eguna. Aramaioko baserrietan egindako sagardoa dastatu ahal izaten da giro apartan. Beraz, bisitariak aspertzeko aukerarik ez du izango Aramaion.
Kondairei loturiko herria
Euskal Herriko txokoak. Aramaio Ingurune ederrean dago Aramaio, Ibarra bailararen erdian. Udalerria osatzen duten bederatzi auzoek ohiturei eusten diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu