Marijaiaren lagunak. Fernando Pascual

«Konpartsetako giroa gogorra eta atsegina da»

Bilboko Aste Nagusia barnean darama Fernando Pascual 'Paski'-k; 1978. urtetik uztartu ditu jaietan Kobetas konpartsa eta soinu teknikari lana.

Bilbo
2011ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Norberaren herriko jaiak lan egiteko direla argi du Fernando Pascual Paski-k, Kobetas konpartsako kideak. Bilboko Aste Nagusia hasiera-hasieratik lanean bizi izan du, bai konpartsan eta bai soinu teknikari lanean ere. Lanetik txosnara, txanda egin eta lagunekin bueltatxo bat eman, bizpahiru orduz lo egin, eta berriro lanera. Etengabeko martxa berean, milaka oroitzapen bildu ditu urteotan guztiotan.

Aurtengo egitarau ofiziala hartu, eta irakurtzeko gogoa kendu zitzaiola dio Paskik: «Jaietako egitaraua eman zidaten, eta zera pentsatu nuen: 'Begira zeinen ongi!'. Begiratua ematen hasi, eta konpartsek antolatutako ekimenak non ote ziren? Ez zen ezer ageri». Kritikoa da udalak jai eredua amaitzeko konpartsei jartzen dizkien oztopoen inguruan, bai eta Txori Barrote eta Kaskagorri txosnei inposatutako zigorren inguruan ere.

Gatazka eta borroka Bilboko Aste Nagusia sortu zenetik izan dela uste du Paskik. Zergatien artean, konpartsen koordinakundea eta udalak inposatzen duen autoritatearen arteko aldentzea dago, haren ustetan: «Hasieran udala koordinakundearen partaide hutsa baino ez zen; orain, berriz, udalak, edo alkateak, mahaigainean kolpea eman, eta planto egiten du: honaino heldu gara, eta honek honela izan behar du...». Baina Paskiren ustez,egungo egoeraren erantzukizuna konpartsena ere bada, konpartsak elkarren artean aldenduz joan direlako eta hasierako izpiritua galdu dutelako hein handi batean. «Guztion aldarrikapenak era bateratuagoan defendatu beharra dago, eta ez dago atzera egiterik, ezin dugu atzera egin; historiak erakutsi digu horrela ez dagoela ezer irabazterik, eta atzera egitean etsaiak aurrera egiten duela. Eta etsaiari atzera bultzatzea oso zaila da».

1978tik Aste Nagusian aldaketa handiak ikusi ditu. Badu beste garaietako nostalgia apur bat: «Txosnak muntatzea oso atsegingarria eta gogorra zen, gutako batzuk gau eta egunez aritzen ginen, eta lanera joan behar genuenean beste batzuekin tartekatzen genuen bertoko lana. Baina giroa izugarria zen». Egitarauan ere aldaketak ikusi ditu, eta azken urteetan kalitateak eta aniztasunak behera egin dutela iritzi dio.

Konpartsetako giroa «oso atsegina eta gogorra da», Paskiren hitzetan: «Dena ez da parranda; diziplina behar da, eta lan asko egin. Baina une on asko ditu. Txosnan etxean sentitzen naiz; han egon, sukaldean aritu, afaldu, txandak egin...».

Kobetas konpartsako kidea izateaz gain, soinu teknikaria ere bada Paski, eta lana txosnarekin uztartu behar izan du beti: «Kontzertuak amaitu, eta kamioia kargatzen genuen, eta txosnara joaten ginen; han, tutu malgu batekin dutxatu, arropak aldatu, afaldu, txanda egin, eta bueltatxo bat ematen genuen, eta gero etxera joaten ginen hiru orduz-edo lo egitera, eta berriro lanera. Baina pozik egiten genuen. Krik-Krakekoek beti izan dugu horretarako gogoa. Jaietan lanik izango ez dugun lehenengo urtea da aurten,eta ez dakiguzelan moldatuko garen. Era horretan, disfrutatzen ikasi dugu, lanean, txandak egiten, bisitan datorren jendearekin; eta aurten eskema aldatu behar izan dugu. Erritmoa aldatzea kostatu zaigu».

Kontzertu suizidak

Dr. Deseo musika taldeak Gas enparantzan emandako kontzertu bat oroitzen du, bereziki. «Egun hartan dena eman zuten. Hainbesterainokoa izan zen, ezen Francis agertokiko kupulan abesten hasi zen; altuera oso handian zegoen, eta bafleen aldamiotik jaisterakoan, oraindik goian zela, habe bat jauzi zen eta bera ere erori egin zen. Beti esaten zidan jaustear zela pentsatzen zuen gauza bakarra zera zela, mikroa neurea zela eta sekulako errieta egingo niola. Horregatik, lurrera jauzi aurretik, mikroa aldamioetan utzi zuen. Beraalpinista da, eta, bidean, ahal zuen guztiari heltzen saiatu zen, baina kolpe handia hartu zuen, eta konkorturik irten zen abestera».

Eskorbutok 1983an San Nikolasen emandakoa ere berezia izan zen, Paskiren ustez. Uholdeak hasi aurreko egunean izan zen kontzertua, eta musikariek kontzertuan beren buruaz beste egingo zutela iragarri zuten: «Ez ziren suizidatu. Iosuk hodi batetik egin zuen jauzi, etabesoan zauri bat baino ez zuen egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.