Tartean agertzen den maisu horietakoa izan zen Samuel Fuller zuzendari estatubatuarra (1912-1997). Txikia, handia eta bakarra. Haren ideologiaren inguruko zurrumurru batzuk faxistatzat jotzen zuten; beste batzuek, berriz, ezin liberalagoa zela zioten. Bitartean, Fullerrek espekulazioa ongi pasatzeko aitzakia bihurtu eta barrez erantzun ohi zuen: «Eskuineko anarkista hutsa naiz».
Autorea omendu eta haren filmografia gogorarazteko, Samuel Fuller Zikloa prestatu du Bilboko Alondegiak uda honetarako, eta gaur eta bihar bi film eskainiko ditu Golem Alondegia zineman: Merrill's Marauders (18:00) eta The Big Red One (20:00). Jatorrizko bertsioan eta azpidatziekin izango dira film biak.
Autorearen filosofia ezagutzea da ekimenaren helburuetako bat. Hollywoodeko produkzio enpresa handietan lanean aritu bazen ere, zuzendari independentetzat jo dute. Aurrekontu gutxirekin, giza gatazken indarkeria trabarik gabe islatu nahi izan zuen, bere esperientzia militarrean oinarritutako istorioak ikusleak lehen pertsonan bizi zitzan —Koreako Gerra, kasu—. Hala, erabilitako gaiak zirela eta, polemika Fullerren atzetik ibili zen une oro. Baina, zuzendariak kritikei so egin, eta «bere egia» kontatzen jarraitu zuen, hutsean, gordinik.
'SAMUEL FULLER ZIKLOA'
Non. Golem Alondegia zineman.
Noiz. 18:00 / 20:00.
Sarrera. 3,5 euro.
Kontraerasoa epikari
Samuel Fuller zuzendariaren lana ezagutzeko ziklo bat prestatu du Alondegiak uda honetarako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu