Florence Hartmann. Idazlea

«Kontrol erakunderik ez egotea da nazioarteko justiziaren arazo nagusia»

Nazioarteko atxilotzeko agindupean dago kazetaria; gaur, epaileei erronka jo, eta, lehen aldiz, Frantziatik aterako da, Donostian Balkanetako gerren erantzukizunak ezkutatzeko saioez mintzatzeko.

Edu Lartzanguren.
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Florence Hartmann (Paris, 1963) idazle eta kazetaria da. Balkanetako gerren berri eman zuen Le Monde-n, eta horietan eginiko hainbat gerra krimenen lekukoa izan zen. Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiko Fiskaltzaren eleduna izan zen 2000. urtetik. Baina 2009an, auzitegiak berak zigortu egin zuen, «Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiaren erabaki konfidentzialak zabaltzeagatik». Srebrenicako (Bosnia eta Herzegovina) sarraskiaren erantzukizunak estaltzeko saioez mintzatuko da gaur, 19:00etan, Aieteko kultur etxean, Donostian.

Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak zu atxilotzeko agindua eman zuen duela egun batzuk. Ez zabiltza ezkutuan. Zergatik ez zaituzte oraindik atxilotu?

Giza eskubideak bermatzeko itunak sinatu dituzten estatuek ezin dute gauzatu atxilotzeko agindua, ez datorrelako bat hitzarmen horrekin. Ni atxilotuz gero, Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegia, nire ustez, egin dituen lege-hausteen laguntzaile bihurtuko da. Gizateriaren kontrako krimenak eta genozidioa epaitzeko sortu zuten auzitegi hori. Ez kazetariak edo idazleak epaitzeko, nazioarteko justizia sostengatu arren, kritikatu egiten dutenean, dagokion lana ez egiteagatik eta genozidioaren biktimei traizioa egiteagatik, estatuak babesteko. Nazioarteko justiziak, kazetariek bezala, independentea izan behar du. Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegia epailea eta partea da: epaitzen nau kritikatu nuelako, eta babesten nauten legeei barre egiten diote, ez baitago helegitea jartzerik bestelako justizia erakunde batean. Onartezina da hori. Epaile independenteek epaiketa aztertu behar dute. Nire ustez, aurkituko dutenak ikaratu egingo ditu, eta gaur zergatik borrokatzen naizen ulertuko dute.

Srebrenicako sarraskian Serbiak izaniko erantzukizuna estaltzeko Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak eta Belgradek itun bat egin zutela salatu zenuen 2008an. Europako beste gobernuren bat babestu nahian al dabil auzitegia?

Serbiak ez zien milioika euroko kalte-ordainik eman nahi biktimei, eta hala egin beharko zuen Srebrenicako sarraskian parte hartu zuela frogatuz gero —8.000 gizon eta nerabe exekutatu zituzten, lau egunetan, 1995eko uztailean—. Serbiak eskatu zion auzitegiari Slobodan Milosevic zigortzeko emaniko frogak gordetzeko eta ez erakusteko biktimei, historialariei edo gizarteari, inork jakin ez dezan zer gertatu zen benetan. Auzitegiak ez zuen eskubiderik eskaera hori onartzeko, kontua ez baitzen Serbiaren «segurtasun nazionala» zaintzea, legeak baimentzen duen bezala, baizik eta haren irudia eta dirua babestea. Legeak ez du hori baimentzen.

Uste al zenuen 2008an auzitegiak zure kontra joko zuela?

Jendearentzat interesgarria den informazioa emateari uko egin behar al dio kazetari batek kritikatzen duen erakundea pozik ez dagoelako, bere trikimailuak agerian geratzea nahi ez duelako? Ez zen batere zaila izan informazioa lortzea, Serbia harrituta baitzegoen auzitegiaren sostengua lortu izanagatik: aski izan zitzaidan hango agintariei galdetzea nola lortu zuten kontatzen hasteko.

Ezin nuen imajinatu auzitegiak Stalinen estiloko epaiketa egingo zidanik eta kritikatu nituenak berriz bortxatuko zutenik zuzenbidea, mendekua hartzearren. Nazioarteko justiziarekin dagoen arazoa da ez dagoela hesirik, ez dagoela kontrol erakunderik, ez dagoela modurik ziurtatzeko epaileek zuzenbidea ezartzen dutela. Hori aldatu beharko da, bestela, sinesgarritasuna zalantzan jarriko da, eta gerra kriminalek biktimarena egingo dute.

Justizia arruntaren babesa lortzeko estrategia bat duzu. Atxilotzeko agindua eman zutenetik lehen aldiz, Frantziatik aterako zara gaur. Hitzaldi hau ematea estrategi bat al da?

Duela hiru hilabete hitzeman nien hitzaldiaren antolatzaileei. Ez dago inongo estrategiarik; are gehiago, nire abokatuei hitzaldiaren berri emanez gero, ez zidaten Donostiara etortzen utziko, ezta egun baterako ere. Frantziara itzuliko naiz Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegia Donostian nagoela konturatu eta atxilotzeko aginduaren berri Madrili emateko astia izan baino lehen.

Oharra: Elkarrizketa osoa www.berria.info gunean dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.