Iritsi dira egun magikoak. Magia: itzalitako poltsikotik dirua ateratzea. Zertako? Behar ez duguna gastatzeko, behar baino gehiago erosteko, zakarrontziak lehen kategoriako jenero freskoez betetzeko, balio ez duten prezioak ordaintzeko, ia-ia ilusiorik gabe hartuko ditugun elikagaiak ekartzeko, erosketa-egintzak irauten duen unetxo horretan bakarrik gozatzeko, gure neke eta segurtasunik ezaz irabazitako xoxak multinazionalei entregatzeko, kutsadura handitzeko, ez buru eta ez hanka ez duen kontsumo-lehian parte hartzeko...
Geroz eta argiago dago: ez gara inor aholkuak emateko. Halaz ere, zurrunbilo kriminal horri ihes egiteko ahaleginak egingo genituzke guk.
Nola?
Gauza soil-soilak gogoan edukita:
• Dendak zabalik egongo dira datorren astean, datorren hilean, hurrengoan… Ez dugu dena ekarriko orain, ez dugu hustuko gaur azalera handia.
• Ez dugu itsutu behar zelofanekin, apaingarriekin, argiekin: hori guztia prezioan sartuta dago eta ez dugu aprobetxatzeko modukoa.
• Irten gaitezen lehenbailehen saltokitik: bertan zenbat eta denbora gehiago eman, orduan eta patrika hutsago aterako dugu. Horrelako egonaldiak garesti izaten dira.
• Ezagutzen ez dugun jan-edanik edo sukaldean prestatzen ez dakigunik ez dugu erosiko orain: hobe ospakizunetan esperimentuak ez egitea.
• Eskaintza eta produktu ezagunak aprobetxatuko ditugu: legatza, txerrikia eta beste elikagai asko ederrak daude orain eta ez dute luxuzko suzedaneoen preziorik.
• Erosketak bazkaldu ondoren egiten baditugu, alferrikako gauza gutxiago sartuko dira karrotxoan.
• Barra bat turroi edo xokoleta, hiru euro; lau barra, hamar euro: horrelako eskaintzak aukeratuz gero zazpi euro galduko ditugu.
Eskerrik asko orain arteko 699 artikuluak irakurtzearren eta urte berri on denoi.
Elikadura. Hazkurri kontuak
Kontsumo eroaren apoteosia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu