Kontrapuntua.Iñaki Berazategiren ahots pausatu eta hausnartzailea itzuli da irratira. Antifrankismoa, Errepublika, 36ko gerra, orduko justiziaren aldeko balioak, musika eta beste ekartzen ditu MQP saiora larunbatetan, agiri anitz aurkeztuz (La memoria en altavoz, 11:05). Formetan, Berazategi kontrapuntutzat har daiteke irratigintzan nagusitu den printzipioaren aurrean; dena azkar, labur, sintetizatuta esan behar omen da-eta, isiluneak saihestuz. Edukietan ere kontrapuntua da EITBn; izan ere, etxe hori historia garaikidea interpretatzera jartzen ari den orduan zuzendaritzaren ideologiaren betaurrekoak igar daitezke argiki, Iñaki Gabilondoren ahots edulkoratuaren laguntzaz.
Klubean astebetez.REk Pernando Barrena, Ares, Pastor, Jauregi, Barreda, Rojo, Zelaa, Lopez eta antzekoen klubean sartu duela dirudi, badoan asteari erreparatuz gero. Dani Alvarezek luzez elkarrizketatu zuen ostegunean, eta albistegietan maiz agertu dizkigute bere adierazpenak. Politikari kuttunen klubean, nor eta legez kanpoko alderdi bateko kide kualifikatua izateaz gain epaiketa zain diren bi auzitan auzipeturik jarraitzen duen Pernando Barrena. EITBko irratietan betoa ezarri zaiona azken urteetan, beste anitzi bezala. Betoa, Sarrionandiarekin erabili den terminologia erabiliz: justiziarekin egoera erregularizatu gabe zeukala, alegia. Eta bere horretan jarraitzen du bere egoerak justiziarekiko, Auzitegi Nazionalak ez baitu kontrakorik esan. Atzo eta gaur erabili izan diren irizpide ustez kontraesankorrak azaldu beharko zaizkigu egunean batean. Hots, nortzuek hartu dituzten beto erabakiak (politika informatiboaren arduradunek nahiz kazetariek), eta zergatik.
Libre pentsalaria? Pedro Ugarte nobelagile eta Boulevard-eko iritzi emaileak aurrekoan esan zuen atxilotu guztiek torturak salatzen dituztela eta ETAk emandako direktrizari jarraitzen diotela. Kasuz kasu, zuzeneko informazioa edukiko balu bezala hitz egin zuen komunikabide publiko batean, haiei sinesgarritasuna kendu nahian. Torturen biktima izan diren ehunka euskal herritar iraintzeaz gain, agian entzuleoi datuak eman beharko lizkiguke horrelako baieztapena arrazoitzeko. Eta bitartean, agian torturen salatzaileek harengana jo beharko lukete euren testigantza pertsonalak emateko aurrez aurre.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Kontuak eskatzeko ordua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu