«Kontxako badian bi munstro borrokan jartzea dut amets, eta hau beste urrats bat da»

Japoniako marrazki bizidunetako kantak abesteko zortzikote bat osatu du euskal artistarik txinatarrenak. Gaur aurkeztuko du, Hondarribian, bihar Donostian zabalduko duen erakusketara eraman aurretik.

Edu Lartzanguren.
2010eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Judas Arrieta (Hondarribia, Gipuzkoa, 1971) Euskal Herriko artistetan Txinara salto egiten lehenetakoa izan zen. 8T Manga musika eta animea biltzen dituen egitasmoa aurkeztuko du gaur, 22:00etan, bere jaioterrian, Psilocybenea aretoan. Kataluniako Ninja Pastori taldearekin batera, Japoniako marrazki bizidunetako kanten punk bertsioak abestuko dituzte.

Mazinger Z marrazkien kanta abesten lehendik ere ikusi zaitugu. Errepertorioa zabaltzea erabaki duzu Ninja Pastori taldekoen laguntzaz?

Duela urte batzuk ezagutu nuen Ninja Pastori taldea, marrazki bizidunen kantuekin Cartoon Punk egiten. Aspaldi nuen nik otxote manga bat egiteko ideia, baina aurrekontu bat behar nuen horretarako. Donostiako Beldurrezko Asteari proposatu nion hori, eta horri esker antolatu dugu8T Manga hau. Larunbatean Donostiako Parte Zaharrean ibiliko gara abesten, eta Psilocybeneko emanaldia proba bat izango da, errepertorioa prestatzeko.

Gaurko publizistek bezala, 40 urte inguruko jendea duzue jomuga?

Saiatuko gara jendea haurtzarora eramaten... Vickie Bikingoa, Don Quijote, baina baita Shin Chan ere. Ninja Pastorikoek musika tresna sinpleak erabiliko dituzte. Berezia izango da. Horrez gain, bideoak erakutsiko ditugu, hamar urtean eginiko bideoen aukeraketa bat, Cabaret Manga izenekoa, Xabier Erkizia musikariarekin batera eginikoa.

Donostian, larunbatetik aurrera, hogei artista txinatarren lanak erakutsiko dituzu zure piezekin batera.

Judas eta panpinak saila duela bi urte egin nuen. Panpina zuriok hogei artista txinatarri eman dizkiet, margo ditzaten. Bakoitzak bere interpretazioa egin du; bakoitzak, bere munstroa.

Kaiju deitu diozu erakusketari, hau da, piztia bitxia japonieraz. Interesgarriak zaizkizu munstroak zu ere munstro samarra zarelako?

Urte asko daramat munstro film bat egin nahian. Amets hori betetzeko egin dudan ikerketak nire koadroetan eta piezetan munstroak ateratzera eramaten nau. Prozesu bat da, amaitu gabekoa. Ez dakit noiz helduko naizen Kontxako Badian bi munstro borrokan jartzera. Agian, egun horretan amaituko da egitasmoa. Pausoka ari naiz, eta erakusketa hau nire munstro egitasmoaren beste urrats bat izango da.

Bilboko gargantua ere modernizatu behar zela iruditu zitzaizun?

Ez da nire asmoa gauza berriak berritasunarengatik egitea. Disko jartzaile baten modura, gauzak nahastea. Txinara joan eta gero gertatu zait hau. Euskal Herritik joan nahi nuen, baina Txinan nagoenean hemengo gauzen falta sumatzen dut. Nire eragin nagusiak lanean Asiatik datoz, baina han hemengo gaztaroko esperientziekin nahasten ditut. Nire artelanak kultur ezberdinen elkarbizitza baketsua dira. Egin dudan gargantua puzgarriarekin jendeak gozatzen badu, pozik egongo naiz. Izan ere, irabazten dudan diru guztia nire artean inbertitzen dut. Ludopata naiz, alde horretatik.

Gustura ikusiko zenuke Judaszilla bat itsasotik ateratzen eta Donostia suntsitzen?

Donostia, Pasaia eta ingurua leku aproposa da munstroen agertoki izateko. Itsasotik edo Aiako Harritik jentil izugarri bat hel daiteke. Ez legoke gaizki egongo: Hondarribiraino dena jo eta su suntsitzen...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.